Buru osasunaren inguruan sentsibilizatzea helburu duen ‘Todos contamos, Todos Actuamos’ antzezlana, Bilboko Bilborock aretoan

Data: Asteartea, urriak 30
Ordua: 18:3ean.
Lekua: Bilborock aretoa. Muelle de la Merced, nº 1 (Bilbo)

Urriaren 30ean ‘Todos Contamos, Todos Actuamos: Integrando a las personas con problemas de salud mental’ antzezlana aurkeztuko da Bilbon, 18:30ean Bilborock aretoan. ‘La Rueda’ konpainiak sortutako lana antzerki sozialean oinarritua dago eta publikoa sentsibilizazioa du helburu euren parte-hartzea sustatuz. Antzerki mota honetan, publikoa antzezlanaren garapenaren parte da eta, kasu honetan, familiartean, lanean eta gizartean buru gaixotasunak eragindako hiru arazoren konponbidean parte hartuko dute bertaratuek.

Doako sarrera izango duen emanaldiaren antolatzaile dira Salud Mental España konfederazioa eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioa (Fedeafes), Janssenen laguntzarekin.

Aurreko urteetako saioen arrakasta ikusita —2014tik egin diren emankizunetan, 2.750 pertsona baino gehiagok ikusi dute antzezlana—, ‘Todos Contamos. Todos Actuamos’ ikuskizunak bira berria hasi du, eta Bilboz gain, urrian eta azaroan Oviedo (Asturias), Cuenca eta Albacete (Gaztela-Mantxa) eta Soria (Gaztela eta Leon) hirietan ere aurkeztuko da. Gizartea sentsibilizatzeko ekimen hau 13 autonomia erkidegotik pasa da duela bost urte martxan jarri zenetik.

Sarrerak doakoak dira eta Ticketean eskura daitezke. 

‘La Rueda’ konpainia

‘La Rueda’ ohiko antzerkitik aldentzen da ikusleekin eta publikoarekin harreman mota berriak eraikitzeko. Helburu horrekin, publikoak protagonistaren papera hartzen du antzezlanetan.

 

Gazteen eta haurren buru osasun arazoak artatzeko politikak eta baliabideak eskatu ditu Fedeafesek

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) “gazteen eta haurren buru osasun arazoak artatzeko baliabide gehiago” eta arazo honi aurre egiteko politikak indarrean jartzea eskatu du gaur, Donostiako Udalan egindako ekitaldi batean. ‘Hezkuntza inklusiboa, buru osasun positiboa’ lelotzat duen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Fedeafeseko presidente Maria Angeles Arbaizagoitiak, euskal elkarteetako ordezkariak ondoan zituela, kolektiboaren beharrak aldarrikatu ditu Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien aurrean.

Fedeafeseko presidente Arbaizagoitiak gaurko ospakizunaren garrantzia azpimarratu du, buru osasunarenganako arreta, kolektiboarenganako sentsibilizazioa eta buruko nahasmendua duten pertsonenganako politikak aldarrikatzeko eguna baita. Zentzu horretan, aurtengoa leloari eutsi dio hezkuntza sistemaren eta instituzioen inplikazioa eskatzeko, gazteriaren buru nahasmenduen prebentzioan, detekzioan eta berehalako arretan. Gainera, buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko estrategia baten beharra nabarmendu du; kolektiboaren estigmaren ezabapena eta gazteen suizidioen prebentzioa bereziki azpimarratuko duen estrategia.

Arbaizagoitiak adin tarte horretan suizidioaren arazoa ekiditearen garrantzia adierazi du umeek eta gazteek jasaten duten depresioaren, bullyingaren, genero indarkeriaren eta sexu-abusuen berehalako detekzioaren bitartez. Horrez gain, gazteenek pairatzen dituzten arazo horiek artatzeko politikak eta baliabideak edukitzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Estatuko Osasunaren Aldeko Konfederazioaren datuen arabera, helduak garenean garatzen ditugun buru osasun arazoen %50 hasten dira 15 urte bete baino lehen, eta %75 18 urteak baino lehen. Arbaizagoitak salatu du instituzioengandik arreta egokia jasotzen ez duen buru nahasmendua duen gazte ugari dagoela.

Donostiako alkate Eneko Goiak euren “lan ordezkaezina” eskertu die buru osasunaren alde lan egiten duten elkarteei eta “buru osasuna herri honen gainditu gabeko irakasgaia” dela onartu du. Hirugarren sektorearen lana ere aintzat hartu du eta gaurko ospakizunaren garrantzia azpimarratu du “tabutzat dugun arazoa ikusarazteagatik” eta kolektiboaren normalizazioaren norabidean emandako pausoengatik.

Bestalde, Arartekoaren ondoko Julia Hernandezek Fedeafes zoriondu du bereziki buru osasun arazoa duten emakumeek jasaten duten indarkeria ikusarazteko egindako lanagatik, eta hezkuntzan inbertsioa egitea eskatu du. “Denontzako hezkuntza batean inbertitzea lortzen ez badugu, oso zaila izango da berdintasunaren aldeko gizarte solidarioa lortzea”, gehitu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak gogorarazi du Gipuzkoako biztanleen kopuru altu batek duela buru nahasmendua eta, zentzu horretan, diputazioak kolektibo honekin duen konpromisoa berretsi du. Diputazioaren programek eta baliabideek “ingurune normalizatuan arreta egokia” eskaintzen dutela adierazi du “gizarte duin eta inklusiboa eraikitzeko urratsak” emanez. Peñak elkarlana eta erantzukizun kolektiboa defendatu ditu, eta “hirugarren sektorearen lana ezinbestekoa” dela gaineratu du “buru nahasmendua duten pertsonen egunerokotasunean” parte hartzen dutelako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte eta Osasun arloko koordinatzaile Jose Antonio de la Ricak “hezkuntza inklusiboa eta dibertsitatea kontuan hartzea gizartearen erantzukizuna” dela eta “gizarte osasuntsua eraikitzeko” ezinbestekoa dela azaldu du. Zentzu horretan, Osasun Sailak Hezkuntza Sailarekin batera garatzen ari den proiektuaren berri eman du, ikasleen artean buru osasun positiboa sustatzeko helburuarekin. Bukatzeko, de la Ricak horrelako egitasmoek gizartean eragiten dutela eta buru nahasmenduek duten estigmaren aurkako borrokan baliagarriak direla adierazi du.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albenizek nabarme

ndu du “kolektibo guztien elkarlanaren beharra buru nahasmendua duten pertsonen integrazio erreala zein benetan inklusiboa izango den gizartea lortzeko”. Artolazabalek buru osasun arazoa duten pertsonen beharrak entzutearen garrantzia azpimarratu du, bereziki gazteen kasuan, sektore publikoaren eta hirugarren sektorearen arteko elkarlanaren bitartez. Euskal sistema “eredugarria” bada ere, “kolektiboaren integrazio osoa lortzeko asko falta” dela eta elkarrekin egindako lanaren bitartez “hobetzen jarraitu behar” dugula gaineratu du.

Adierazpenaren irakurketa eta koloretako aterkien irekitzea

Ekitaldiaren ostean, bertaratuak Donostiako bulebarrera gerturatu dira hiritar guztioi irekia izan den kontzentrazioan parte hartzera. Bertan, Fedeafeseko buru nahasmendua duten pertsonen batzordeko kideek hezkuntza inklusiboa eta buru osasun positiboa aldarrikatzen duen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren adierazpena irakurri dute. Gainera, kolektiboko kideen elkarretaratzea egin da, koloretako aterkiekin, eta ekitaldia girotzeko musika egon da.

Fedeafesek EAEko 3.000 familia eta 12.000 pertsona baino gehiago ordezkatzen ditu. Honako elkarte hauek osatzen dute: AGIFES (Gipuzkoa), ASAFES (Araba), ASASAM (Aiaraldea) eta AVIFES (Bizkaia).

 

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren txostena irakurri

 

 

Ospatu gurekin Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna

Buruko osasun arazoak dituzten senideen eta pertsonen elkarteok bat egingo dugu urriaren 10ean Donostian, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Donostiako Udalean gauzatuko dugun ekitaldi instituzionalarekin ekingo diogu jardunaldiari. Ondoren, 12:00etan Bulebarrean, Fedeafeseko buru nahasmendua duten pertsonen batzordeko  kideek jardunaldiko adierazpena irakurriko dute. Horrez gain, kolektiboko kideon elkarretaratzea egingo dugu, koloretako aterkiekin eta musikaren laguntzaz.

Egun honetan gurekin bat egitera gonbidatzen zaitugu, “Hezkuntza inklusiboa, buru osasun positiboa” lelopean. Goiburu horren helburua da balioen alde apustu egingo duen hezkuntza aldarrikatzea, aniztasunaren eta inklusioaren alde lan egingo duena, eta buru osasun positiboa sustatzea. Horretarako, beharrezkoa da buru nahasmenduen prebentzioa lantzea haur eta gazteen hezkuntza-arloetan, baita izugarrizko abiaduran doan gizarte honen erronkak kontuan hartzea ere. Horrela, etorkizuneko belaunaldietara begira, buruko osasun positiboagoa lortzea da xedea.

Aurtengo gaia bat dator Buru Osasunaren Munduko Federazioak markatutakoarekin: “gazteak eta buru osasuna etengabe aldatzen ari den munduan”.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org