Ohiko galderak

Nik buru gaixotasunik izan al dezaket?

Beste gaixotasun askorekin gertatzen den bezala, edonork izan dezake buru gaixotasunen bat. Izan ere, lau pertsonatik batek buru nahasmenduren bat du bizitzan zehar. Teorian badaude pertsona batzuk arrisku gehiago dutenak, genetika dela-eta, buru gaixotasunen bat izateko, baina inguruneko faktoreek berebiziko eragina izan dezakete buru nahasmenduen agerpenean; beraz, azken finean, denok dugu buru gaixotasunen bat jasateko arriskua. Ziurrenik denok noiz edo noiz sentitu dugula tristura, antsietatea, insomnioa, etab., baina kontuan hartu behar da sintoma horiek buru nahasmendua kontsideratzen direla bakarrik gure portaera sozialean oreka galtzea eragiten digutenean (hau da, lanean, gizartean edota gure jardueren beste arlo garrantzitsu batzuetan nabarmenki okerrera egiten badugu), ondoez larria sortzen digutenean eta etengabeak direnean.

Nola antzeman dezaket gaixotasuna?

Gaixotasuna era ezberdinean agertzen da pertsona batetik bestera, baina badaude zenbait arazo komunak direnak:

  • Arazoak sentimenduak adierazteko orduan 
  • Zailtasunak ingurukoekin komunikatzeko orduan: hitz berriak erabiltzen dituzte edo esaldi bateko hitzen ordena aldatzen dute. 
  • Portaera aldaketak.
  • Arazoak pentsamoldean eta errealitatea imajinatzean.

Zer egin behar dut buru gaixotasuna dudala uste badut?

Norbaitek buru gaixotasunen bat izan dezakeela uste bada, lehen mailako arreta zerbitzuetara jotzea da errazena osasun zerbitzuak jasotzeko; gertuen daudenak dira eta pazientearen egoera hoberen ezagutuko dute. Lehen mailako arretako medikuarengana joateak osasun sisteman sartzeko balio du eta horra jo beharko lukete lehenik eta behin gaixotasuna daukaten pertsonek eta senideek. Osasun arreta zerbitzu publikoa eta doakoa da, eta biztanle guztien eskura dago. Sintomarik baduzu, gertuen dagoen osasun zentrora joan beharko zenuke medikuari bisita egitera. Beharrezkoa balitz, espezialista batengana bidaliko zaituzte. Izan ere, prebentzioa eta arreta goiztiarra buru osasunaren giltzarriak dira. Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, buru osasuna lehen mailako arretaren barruan sartzea konponbide bideragarriena da jendeak buru osasunerako behar duen arreta jasotzeko. Horrela, jendeak buru osasuneko zerbitzuak eskuratu ahal izango ditu etxetik gertuen duen osasun zentrotik bideratuta. Kontuan hartu behar da medikuek bakarrik diagnostikatu dezaketela buru gaixotasun bat. Behin profesional batek buru gaixotasuna dugula baieztatuz gero, jakin behar dugu gaur egun arazo psikiatriko askotatik errekuperatzeko benetako aukera dagoela. Askotariko tratamenduak daude kasu bakoitzerako, eta gainera, gaur egungo botikek garai batekoek baino askoz albo ondorio gutxiago dituzte. Botika berri horiek sintomak kontrola ditzakete eta bizi-kalitatea ere hobe dezakete. Arreta psikologikoak eta komunitarioak ere zeregin oso garrantzitsua dute errehabilitazio prozesuan.

Buru gaixotasunak sendatzen al dira?

Tratamendu egoki batekin buru gaixotasunak kontrola daitezke. Duela hamarkada batzuk arte, buru gaixotasuna zuten pertsona asko babes-etxeetan edo etxean giltzapetuta ematen zuten bizitza osoa. Gaur egun, gaixo gehienak komunitatearen barruan tratatzen dira, eta normalean gizarteratzea lortzen dute, pentsamoldearen aldaketari eta tratamenduetan lortutako aurrerapenei esker. Tratamendua ezberdina da gaixotasunaren arabera eta kasu bakoitzak tratamendu pertsonalizatua jaso ohi du pazienteak. Askotan, farmaziako tratamendua, errehabilitazio soziolaborala, psikoterapia eta senideen laguntza uztartzen dira. Laguntza psikoterapeutikoa oso garrantzitsua da gaixotasunak gizartean, familia barruan eta lanean duen ondorioei aurre egiteko. Erabili ohi diren tratamendu psikosozialak hauek dira: errehabilitazio programak, jarduera okupazionalak, jokaera eta portaera sozialeko terapiak, psikoheziketa, etab. Kontuan hartu behar da pertsona askok eta askok oraindik ere buru gaixotasuna dutela eta ez direla joaten tratamendu bat jasotzera mota honetako gaixotasunen inguruan dagoen estigmatizazioaren erruz.

Buru gaixotasuna duen pertsona batek bizitza normalizatua eraman al dezake?

Posible da eta horrela bizitzeko aukera izan beharko luke pertsonak. Alde batetik, bizitza normalizatua eramatea posible da tratamendu mediko eta farmakologiko egokiari eta gizarte eta familia barruko ingurune onuragarriari esker. Beste aldetik, bizitza normalizatua eramateko aukera izan beharko luke gaixotasuna duen pertsonak; izan ere, denok dugu eskubide bera, baina askotan, tamalez, gizartean dauden aurreiritzien ondorioz gaitz psikikoak dituzten pertsonek ezin dituzte berezko eskubide guztiak erabili.

Egia al da buru gaixotasunak indarkeriara eramaten dutela?

Ez. Buru gaixotasuna indarkeriarekin lotzeak ez du oinarri zientifikorik. Ezin da ziurtatu buru gaixotasuna duten pertsonak besteak baino erasokorragoak direla edota indarkeriara jotzeko edo delituren bat egiteko aukera gehiago dutenik. Buru gaixotasuna duten pertsonak nekez dira gizartearentzako arriskutsuak. Norberarekiko edo gertuko senideekiko jarrera erasokorrak gertaera jakin batzuen aurrean eta buru nahasmendu batzuekin soilik garatu daitezke, pertsonak tratamendurik hartzen ez badu. Izan ere, ohikoagoa da buru gaixotasuna duten pertsonak gehiegikerien eta tratu txarren biktimak izatea, eta ondorioz, beraien eskubideak urratuak izatea.

Zein da familiaren zeregina buru gaixotasuna tratatzeko orduan?

Familia giroa egokia eta lasaia izatea oso garrantzitsua da buru gaixotasunetik errekuperatzen laguntzeko. Familiaren zeregina behar-beharrezkoa da, buru gaixotasuna duen pertsonarekin bizi diren esperientziak eta gertutasuna tratamenduaren euskarri bilaka daitezkeelako. Familia funtsezkoa da buru gaixotasuna duen pertsonari espezialistak jarritako tratamenduarekin jarraitzen laguntzeko. Horretarako, oso garrantzitsua da profesionalek eta osasun eta gizarte zerbitzuek familiei ere arreta, aholkularitza eta informazioa eskaintzea.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org