Buru gaixotasun motak
Eskizofrenia
Biztanleen %1k daukan gaixotasun larria da. Egiatan, askotariko arazo emozionalen eta pertsonalen ondorioz sor daiteke eta pertsona bakoitzean era ezberdinean agertzen da. Eskizofrenia duen pertsonaren ezaugarri nagusia pentsamenduen eta emozioen desitxuratze larria jasaten duela da. Askotan, pertsonak existitzen ez diren gauzak entzun edo ikusten ditu, ingurunetik isolatu egiten da, ez da bere itxuraz edo egitekoez arduratzen, edota benetakoak ez diren gauzak sortzen ditu. Hauek dira eskizofrenia motak:
- Paranoidea: Sintoma nagusiak haluzinazioak eta delirioak dira.
- Desantolatua: Asaldurak ematen dira gogo-aldartean.
- Katatonikoa: Asaldura psikomotorrak ematen dira.
- Bereizi gabea: Mota askotako sintomak ematen dira, baina ez dago nagusia den bakar bat.
- Hondar eskizofrenia: Sintomak sinpleak dira, gaixotasuna kronikoa denean eman ohi da.
Gogo-aldartearen nahasmenduak
Gogo-aldartearen nahasmenduekin umorea asaldatu egiten da. Nahasmenduen artean, hauek dira oinarrizkoenak:
- Nahasmendu depresiboak: Buru nahasmendu multzo honetan hainbat sintoma eman ohi dira, besteak beste, tristura, etsipena, inhibizioa eta hipoaktibitatea. Sindromea oso ezberdina da pertsona batetik bestera jatorriaren, eboluzioaren eta intentsitatearen arabera.
- Nahaste bipolarra: Ezaugarri nagusia asaldura handiko (maniakoak) eta erabateko akidura (depresiboak) aldiak tartekatzen direla da. Fase bakoitzaren iraupena ezberdina da pertsona batetik bestera. Nahaste bipolarra duen pertsona ez dago beti umorearen gorabehera horietan murgilduta; fase batzuetan gogo-aldartea normalizatu eta gaixotasunaren sintomak ia guztiz desagertzen dira.
Nortasun nahasmenduak
Nahasmendu hauek jasaten dituen pertsonak normalean gizartean onargarria denetik asko bereizten den sentitzeko modua eta portaera du. Ezegonkorra izan daiteke edota pertsonekin harremanak edukitzeko arazo larriak eduki ditzake. Mota askotarikoak daude, besteak beste:
- Paranoidea: pertsona ez da ezertaz fidatzen, dena susmagarria iruditzen zaio eta ingurukoek asmo txarrak dituztela pentsatzen du.
- Eskizoidea: pertsonak ez du interesik ingurukoekin erlazionatzeko eta ez ditu emozio asko adierazten. Bakarkako jarduerak aukeratzen ditu beti; ez zaio ezer atsegina iruditzen eta berdin zaizkio kritikak nahiz goraipamenak.
- Eskizotipikoa: Pertsonen arteko harreman estuetan arazoak sortzen dira, denak berarekin zerikusia duela uste du eta pentsamendu magikoa izan dezake.
- Mugakoa: Pertsonak harreman ezegonkorrak ditu, bere buruaren irudi asaldatua dauka eta bulkadak kontrolatzeko zailtasunak ditu. Gertaera txikietan ere haserre desegokia eta bizia erakusten du.
Antsietate nahasmenduak
Beldurra eta segurtasun eza nagusitzen dira era kronikoan. Bi motatakoak izan daitezke:
- Fobikoak: pazienteak beldur irrazionala eta neurrigabea sentitzen du berez horrelakorik sentiarazi beharko ez luketen gauzak edo gertaerak direla eta.
- Obsesibo-konpultsiboak: pertsonak pentsamendu oso iraunkorrak ditu eta konturatzen da zentzugabeak direla, baina ezin ditu ekidin.
Bestelako buru gaixotasunak: loaren nahastea, sexu nahasmendua, elikaduraren nahasmenduak, adimenaren nahasmenduak, etab.