Buru gaixotasuna duten pertsonentzako oporraldiak martxan
Fedeafesek antolatutako buru gaixotasuna duten pertsonentzako oporraldiak urrian hasi dira. Guztira, Euskadiko hiru lurraldeetako 45 pertsona izan dira Peñiscolan hilabete honetan eta beste talde bat Kanarietako Las Palmasera joango da azaroan.
Buru gaixotasunari buruz arduraz hitz egiteko estilo gidaliburua
Buru osasuna modu arduratsuan jorratzeko estilo gidaliburua landu dugu. Komunikabideei zuzendutako dokumentu honen helburua da buru gaixotasuna duten pertsonei buruzko informazio zuzen eta objektiboagoa zabaltzen laguntzea, estereotipoak eta aurreiritziak baztertuz. Mito faltsuek buru gaixotasuna duten pertsonei sufriarazten diete, eta sendatze prozesuan aurrera egiteko edota gizarteratzeko oztopo bilakatzen dira. Hortaz, eskuliburu honek informazio ez diskriminatzailea hedatzeko aholkuak proposatzen dizkie hedabideei.
Buru gaixotasuna duten pertsonen garapenean estigma oztopo nagusia dela ohartarazi dute adituek
Azaroaren 20 egindako profesional topaketa batean, Buru Osasunaren arloko aditu talde batek jakinarazi zuten estigma oztopo nagusietako bat dela buru gaixotasuna duten pertsonen garapenean. Miguel Ángel González Torres Basurtoko ospitaleko Psikiatria zerbitzuko buruak baieztatu zuenez, “buru gaixotasunarekiko daukagun jarrera gizartearen buru osasunaren adierazgarria da”. Torresek parte hartu zuen Fedeafesek, ASVAR, OME-AEN eta SVNP elkarteekin batera, antolatutako jardunaldi batean. Ekimenaren helburua zen buru gaixotasuna duten pertsonen hiritartasun osoa lortzeko bide anitzen inguruko gogoeta egitea.
Torresek azpimarratu zuen kolektiboak pairatzen duen estigmari aurre egiteko moduetako bat dela profesionalek informazio “errealista eta zuzena” transmititzea gizarteari, familiei, pazienteei eta agintariei. Doktorearen aburuz, sentsibilizazioa hezkuntzaren esparrura eta komunikabideetara zabaldu behar da, iritziak sortzeko garaian ardura berezia baitaukate.
Yolanda Fillat Alter Civiteseko aholkulariak Fedeafes estigmaren inguruan garatzen ari den ikerlan bat aurkeztu zuen. Adierazi zuen kolektibo honekiko ikuspegi negatiboak “kulpa sentimenduak, bakardadea, larritasuna, sufrimendua eta tristezia” sortzen dituela senide eta gaixoengan. Horrez gain, “lotsa, norbere burua gutxiestea, isolamendua, norbere gaitasunak ukatzea, motibazio eta itxaropen falta edota buru gaixotasuna ez onartzea” dakar. Hori gainditzeko modu gisa, senideen eta buru gaixotasuna duten pertsonen jabekuntza bultzatzea proposatu zuen, “euren burua baztertzen duten lehenak baitira”.
José Antonio de la Rica Uribe Kostako Psikiatria zerbitzuko arduradun eta Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Kontseiluko idazkariak aurkeztu zuen Bizkaiko osasun sarean ezartzen ari diren pertsonen errekuperazioan oinarritutako eredua. Esku-hartze filosofia horren helburua da buru gaixotasuna duten pertsonek euren bizi proiektu zentzuduna garatzea, “norbere bizipoza bilatuz”. Horretarako, profesionalek “aditu” rola baztertu behar dute eta gaixotasuna duen pertsonaren “entrenatzaile” moduan jardun, bizitza normalizatua eramateko “esperantza” garatu dezaten.
Bestalde, Itziar Ceballos Avifeseko gerenteak Bizkaiko elkarte honen esku-hartze eredua azaldu zuen. Entitate honen xedea da erabiltzaileen eta senideen bizi kalitatea ahalik eta gehien indartzea. Ceballosen hitzetan, buru gaixotasuna duten pertsonen “autodeterminazioa” eta “jabekuntza” oinarrizkoak dira, izan ere, beren bizitzaren normalizaziorako beharrezkoa da pertsona hauen erabakimena lantzea eta euren erabakitzeko eskubidea bermatzea.
Gasteizko alkate ohi eta abokatu José Ángel Cuerdak, berriz, gizartearen aniztasunaren adierazle gisa irudikatu zuen buru gaixotasuna. Botere publikoen ardurari erreferentzia egin zion, “egiazkoa eta eraginkorra” den berdintasuna bermatzeko betebeharra baitaukate. Horrela, buru osasun arazoak dituzten pertsonak “duintasunarekin eta ongizatearekin” bizitzea eragozten duten oztopoak kentzeko eskatu zien.
Errioxako Arfes elkarteko zentro okupazioaleko arduradun Ernesto Ortiz Abejónek buru gaixotasuna duen pertsona talde batek sortutako kirol klub baten esperientzia kontatu zuen. Talde horretako partaideek kirol jarduerak burutzen dituzte osasuna eta sasoi fisikoa hobetzeko helburuarekin. Bide batez, gainera, garapen mentala eta emozionala ahalbidetzen da, eta gizarteratzea zein kolektiboaren irudia hobetzea ere sustatzen da. 1997tik martxan dagoen esperientzia honekin aurrerakuntza nabarmenak lortu dituzte estigmaren aurkako borrokan eta buru gaixotasuna duten pertsonen jabekuntzan aurrerapauso handiak eman dituzte.
Donostiako Haur eta Gazteen Psikiatria zerbitzuko Arreta Goiztiarreko Unitateko ordezkari gisa, Psikomotrizitatean aditua den Verónica Gavilanesek eta María Jesús Arzamendi psikologo klinikoak parte hartu zuten jardunaldian. Egoera psikopatologiko larriena daukaten 3 eta 8 urte arteko haurrei arreta hobea eskaintzeko ospitaletik kanpoko zerbitzuak sortzeko beharra defendatu zuten, psikiatria klasiko edo tradizionalaren osagarri gisa.
Nahasmendu mentalak dituzten pertsonez osatutako BROTS konpainiako zuzendari Antonio Masegosak antzerkiaren balio terapeutikoa aldarrikatu zuen.