Azterlan batek jakinarazi du estigma sozialak isolamendura eta bakardadera bultzatzen dituela buru gaixotasuna duten pertsonak
Gizarte-estigmak buru gaixotasuna duten pertsonak isolamendura eta bakardadera bultzatzen ditu. Horrela dio Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioak gaur aurkeztu duen azterlanak. Proiektuan 200 pertsona inguruk parte hartu dute, bai gaixotasun mentala dutenak eta horien senideak eta bai sektore anitzetako eragile nagusienetako batzuk ere. Ikerlanaren helburua da pertsona horien gizarteratzea sustatzea eta komunitate-ingurunean parte hartze normalizatua izan dezaten laguntzea.
Mari Jose Canok, Fedeafeseko gerenteak, azpimarratu du estigma sozialak buru gaixotasunak berak baino kalte gehiago egiten diela pertsonei, gizartean hautematen dizuten “uste okerrak” barneratu egiten dituztelako. Adituak jakinarazi du tratamendu soziosanitario egokiarekin bizitza normalizatua eraman dezaketela buru gaixotasuna duten pertsonek, baina aurreiritziek sortzen duten “hesi ikusezin” horren ondorioak jasan behar izaten dituzte.
Gaur Bilbon egindako ekitaldian parte hartu dute Gizarte Politiketako sailburuordeak, Iñigo Pombok, eta Osasun sailburuordeak, Guillermo Viñegrak. Eusko Jaurlaritzak egindako lana babestu eta aintzat hartzen duela adierazi du Pombok, eta elkarte-mugimenduak hiru erronkari eutsi behar diela esan du: gizartea sentsibilizatzea, administrazioen eta kolektiboaren arteko lotura izatea eta gaixotasuna duten pertsonei babesa ematea. “Ez zaudete bakarrik, zuekin gaude”, nabarmendu du.
Bestalde, Viñegrak aipatu du euskal gizartea “tolerantea eta bihozbera” izan behar duela, eta “ez beldurtia” buru osasun arazoak dituzten pertsonak gizarteratzerakoan. Gaineratu du guztion betebeharra dela “ezjakintasunaren, banakotasunaren eta aurreiritziaren aurka egitea”.
Txostenaren arabera, estigma sozialak asko kaltetzen du buruko gaitza duten pertsonen ongizate emozionala, kulpa eta sufrimendua eragiten baitie. Harreman pertsonalak ere gutxitu egiten dira, bazterketaren beldurragatik euren gaixotasuna ezkutatu egiten baitute kasu ugaritan.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken Departamenduak babestutako azterlanak ere mahai gainean jartzen ditu estigmak senitartekoengan dituen ondorioak eta gizarte-sentsibilizazioko ekimenak burutzearen garrantzia nabarmentzen du. Osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloen koordinazioaren alde apustu egiten du Fedeafesek, eta komunikabideen garrantzia azpimarratzen du, buru gaixotasunaren eta berau jasaten duten pertsonen irudi erreala transmititzeko eta estigma gainditzen laguntzeko boterea baitaukate.
Aurreiritziek eragin garbia daukate buru gaixotasuna duten pertsonen lan-aukeretan eta euren garapen pertsonalean, gizarte-bazterketaren ondorioz euren gaitasunak ukatzen baitituzte kasu askotan. Senideek eta profesionalek, sarritan, pertsona hauen erabakimena ukatzeko joera dutela ere azaltzen du azterlanak, gehiegi babesten baitituzte eta euren gaitasunekiko zalantzak sortzen baitzaizkie.
Amaitzeko, 12 interes-talderentzako jarduteko proposamen konkretuak eskaintzen ditu txotenak: buru gaixotasuna duten pertsonentzako, senideentzako, laguntza-profesionalentzako, elkarte-mugimenduarentzako, osasun sistemarentzat, gizarte zerbitzuentzat, tokiko erakundeentzat, enplegu arloarentzat, hezkuntza sistemarentzat, komunikabideentzat, kulturarentzat eta justiziarentzat.
Azterlan laburtua
Azterlan osoa
Nahaste obsesibo-konpultsiboa: zalantzak eta beldurrak partekatzeko topaketa
Fedeafesek, Asafesek eta OME-AENek nahaste obsesibo-konpultsiboari buruzko solasaldia antolatu dute, zalantzak argitzeko eta beldurrak partekatzeko helburuarekin. Ekitaldian bi adituk parte hartuko dute: Juan Carlos Irurzun psiquiatrak eta Rosa Lafuente psikologo klinikoak. Topaketa martxoaren 18an izango da, 18:30ean Luis de Ajurian (Gasteiz).
Fedeafesek V. Julián Ajuariaguerra saria jaso du
Fedeafesek V. Julián de Ajuariaguerra Saria jaso du, Euskadiko eta Nafarroako Buru Osasunaren arloko profesionalen eskutik. Buru osasunaren espezialitatean edo buru gaixotasuna duten pertsonen zaintzan aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu duten pertsonei edota erakundeei ematen diete sari hori. Oraingoan FEDEAFESen txanda izan da, gaixotasun mentala duten pertsonen alde egiten duen lanarengatik.
FEDEAFESeko presidenteak, Mª Ángeles Arbaizagoitiak, psikiatria elkarteari eskerrak eman dizkio eta horrelako sariek buru gaixotasuna duten pertsonen alde lanean jarraitzeko indarra ematen dutela azpimarratu du, estigma soziala baztertzeko eta buruko eritasunak gainontzeko gaixotasunekin parekatzeko.
Lekeition burutu den Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen XII. Urteroko Topaketan erabaki zuten saria FEDEAFESi ematea. Elkarte horren helburua osasun sistemaren barne dagoen psikiatria espezialitatea zaintzea da, eta buru gaixotasuna duten pertsonei zuzendutako arreta bikaina bultzatzea.
Fedeafesek 3.000 familia baino gehiago biltzen ditu eta 9.000 pertsona baino gehiago ordezkatzen ditu. Federazioko kide dira, Agifesekin batera, Avifes (Bizkaia), Asafes (Araba) eta Asasam (Aiara harana).