Izen eta logotipo berria ditugu: Buru Osasuna Euskadi izango gara hemendik aurrera

Elkarte-mugimendu bateratuagoa osatzeko asmoz, Salud Mental España konfederazioaren nortasun korporatiboarekin bat egin dugu. Hemendik aurrera, gure federazioak Buru Osasuna Euskadi izena eta konfederazioaren irudia hartuko ditu. 

Horrela, irudi eta nomenklatura beraren erabilerari esker, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta senideen elkarteak bateratzen ditugun federazioen identifikazioa erraztu nahi dugu.

Haur eta gazteen artean buru osasuna sustatzeko eta nahasmenduak prebenitzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek

  • Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak `Ez dakit nola esan´ sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du, gazteenekin komunikatzeko bideak ezartzeak duen garrantziaz kontzientziatu eta buru nahasmenduak prebenitu eta kudeatzeko helburuarekin.
  • Urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Fedeafesek bat egin du Espainiako Buru Osasunaren konfederazioaren aldarrikapenekin. Osasun mentala pertsona guztien eskubidea dela aldarrikatzen dute, haien egoera pertsonala, ekonomikoa, soziala edo hezkuntza-mailari dagokiona edozein dela ere.

Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, haur, nerabe eta gazteen artean buru osasuna sustatzeko eta nahasmenduak prebenitzeko beharraz ohartarazi du. Erakunde honetako presidente María Ángeles Arbaizagoitiak adierazi duenez, “osasun mentaleko arazoen erdiak 14 urte bete baino lehen hasten dira, eta nahasmenduak gero eta adin txikiagoetan hautematen ari dira; beraz, gaiari seriotasun handiz heldu behar diogu”.

Hain zuzen ere, euskal federazioak azterlan bat aurkeztuko du urriaren 18an, biztanleria-talde horren beharrak eta EAEn dituzten arreta-baliabideak aztertzeko. “Beharrezkoa da baliabide gehiago sortzea eta daudenak egokitzea, osasun mentaleko arazoak dituzten haur, nerabe eta gazteen behar espezifikoei erantzuteko. Arreta behar duten intentsitatearen emanez gero, errekuperatu egin daitezke, eta, hala, beren estigmatizazioa zein familiena saihestuko ditugu”, adierazi du Arbaizagoitiak.

Egoera horri erantzun instituzionala emateaz gain, Fedeafesek uste du oso garrantzitsua dela sentsibilizazio sozialaren alde egitea, zaintzaile eta hezitzaile papera betetzen duten helduek buru osasuneko arazoak prebenitzen lagundu dezaten. Ildo horretatik, euskal federazioak ‘Ez dakit nola esan’ sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian, gazteekin komunikatzeko bideak ezartzearen garrantziaz kontzientziatzeko, bizitzako etapa horietan sor daitezkeen sufrimendu psikikoak eta osasun mentaleko arazoak prebenitu eta bideratze aldera.

Fedeafesek beren egoera emozional eta mentala adierazteko zailtasunak erakusten dituzten gazteak protagonista dituzten lau kartel aurkeztu ditu gaur. Irudi horiekin batera doan mezuak pertsona helduek gazteei laguntzeko duten arduraz kontzientziatu nahi du. Horrela, gurasoei eta hezkuntza-eremuko profesionalei beraiekin komunikatzeko bideak bilatzeko eskatzen die.

Sentsibilizazio ekimena datozen hilabeteetan gauzatuko da, eta material infografikoa eta jarraibide profesionalak eskaintzen dituzten bideoak ere izango ditu, helduei adingabeekin eta gazteekin komunikazio eraginkorra izaten laguntzeko.

Fedeafes, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, Agifes, Asasam, Asafes eta Avifes elkarteak biltzen dituenak, bat egin du Estatuko elkarte-mugimenduaren aldarrikapenekin, ‘Osasun mentala, beharrezko eskubidea. Bihar zu izan zaitezke’ lelopean. Buru osasuna pertsona guztien eskubidea dela aldarrikatzea da helburua, haien egoera pertsonala, ekonomikoa, soziala eta hezkuntza-mailari dagokiona edozein dela eta.

Manifestua: “Buru osasuna, beharrezko eskubidea. Bihar zu izan zaitezke”

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean, osasun mentalerako eskubidea atributu unibertsal eta beharrezko gisa defendatu nahi dugu.

Gizakiak berdintzen gaituen zerbait badago, buru osasun on batez gozatzeko nahia da. Hala ere, gizartearen despertsonalizazioak eta aukera-urritasunak desberdintasuna nagusi den errealitatea ahalbidetu dute.

Banakako Arreta Planen bidez, kalitatezko buru osasuna lortzeko lehen urratsa desberdintasun ekonomikoa gainditzea izango litzateke. Horretarako, elkarrizketarako deia egiten diegu botere publikoei; gure beharrak ezagutu ditzaten eta osasun mentaleko arazo bat kronifikatzeko orduan pobrezia arrisku-faktorea izan ez dadin eskatzeko.

Beste desoreka iturri bat desberdintasun geografikoan ikusten da. Hori gainditzeko, begirada solidarioa eta inbertsio kontsekuentea aldarrikatzen ditugu. Buru osasunerako eskubidea bizilekuaren araberakoa ez izatea, alegia.

Era berean, genero-desberdintasunari eta buru osasuneko arazoak dituzten emakumeekiko egoten den era askotako diskriminazioari aurre egin beharko litzaioke. Horretarako, buru osasuneko arreta-protokolo espezifikoak sortzea proposatzen dugu, intersekzionalitatea kontuan hartuta, hori baita emakume bakoitzaren testuingurua neurtzen duena. Alde horretatik, kontziliazio familiarra oso garrantzitsua da.

Gure mezuan aurrera goaz eta adina kontuan hartzen dugu.

Inork ez luke zahartzaroa bakartuta bizi behar; horregatik, buru osasunean espezializatutako zerbitzuak dituzten egoitzen alde egin behar dugu. Bakardadearen ordez, esperientzia positiboa eta aberasgarria eskaintzea. Merezi dute, haiek bizitza eman digute eta.

Bestalde, oso adin txikietan buru osasun arazoak agertzen ari dira. Horri dagokionez, ikerketan eta konpromiso publikoan ahalegin handiagoa egitea eskatzen dugu; azken urteotan haur eta gazte etaparako mediku-espezialitatea onartu izanak erakusten duen bezala.

Gizarte inklusiboa lortzeko beste foku bat hezkuntzaren arloko sentsibilizazioa izango litzateke. Buru osasunari buruzko ezagutza eta estigmari aurre egitea gizarteko maila guztietara eraman behar dugu, oinarritik hasita, eskolatik.

Ona litzateke hezkuntza emozionala eskolako jardueren artean sartzea. Frustrazioaren aurrean adimena indartu behar da eta buru osasuneko arazo larrien sorburu diren arbuio- eta indarkeria-jarrerak desagerrarazi.

Hori dela eta, ahalduntzeko eta parte hartzeko beharra azpimarratzen dugu, hazkunde pertsonalerako mekanismo gisa. Era berean, ohartarazi nahi dugu, egun, gure kolektiboko % 84k ez duela lanean oinarritutako bizitza-proiekturik. Laneko desberdintasunaren oztopoa estimulu-neurriekin gainditu behar da.

Buru osasunaz gozatzeko ematen dugun aholku bat kirola egitea da, osasun fisikoak errekuperazio-pronostikoa hobetzen duelako.

Amaitzeko, ohartarazi nahi dugu buru osasun arazoak, pandemiaren eragina kontuan hartuta, jada ez direla besteei gertatzen zaien zerbait, denoi gerta dakigukeela. Buru osasunaren alde lan egitea gizartearen ongizatearen alde eta gure etorkizunaren alde lan egitea da.

Era berean, desberdintasunak eta aurreiritziak gainditzeko modu bat eskubideen ikuspegia da, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko NBEn (Nazio Batuen Erakundea) hitzarmenean jasotakoa.

Buru Osasunaren Aldeko Lehen Pertsonan Batzordetik eta estatuko emakumeen saretik hurrengoa esaten dizuegu: “Borrokatu zuen eskubideen alde. Buru osasuna beharrezko eskubidea da. Bihar zu izan zaitezke”.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org