Manifestua: “Buru osasuna, beharrezko eskubidea. Bihar zu izan zaitezke”

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean, osasun mentalerako eskubidea atributu unibertsal eta beharrezko gisa defendatu nahi dugu.

Gizakiak berdintzen gaituen zerbait badago, buru osasun on batez gozatzeko nahia da. Hala ere, gizartearen despertsonalizazioak eta aukera-urritasunak desberdintasuna nagusi den errealitatea ahalbidetu dute.

Banakako Arreta Planen bidez, kalitatezko buru osasuna lortzeko lehen urratsa desberdintasun ekonomikoa gainditzea izango litzateke. Horretarako, elkarrizketarako deia egiten diegu botere publikoei; gure beharrak ezagutu ditzaten eta osasun mentaleko arazo bat kronifikatzeko orduan pobrezia arrisku-faktorea izan ez dadin eskatzeko.

Beste desoreka iturri bat desberdintasun geografikoan ikusten da. Hori gainditzeko, begirada solidarioa eta inbertsio kontsekuentea aldarrikatzen ditugu. Buru osasunerako eskubidea bizilekuaren araberakoa ez izatea, alegia.

Era berean, genero-desberdintasunari eta buru osasuneko arazoak dituzten emakumeekiko egoten den era askotako diskriminazioari aurre egin beharko litzaioke. Horretarako, buru osasuneko arreta-protokolo espezifikoak sortzea proposatzen dugu, intersekzionalitatea kontuan hartuta, hori baita emakume bakoitzaren testuingurua neurtzen duena. Alde horretatik, kontziliazio familiarra oso garrantzitsua da.

Gure mezuan aurrera goaz eta adina kontuan hartzen dugu.

Inork ez luke zahartzaroa bakartuta bizi behar; horregatik, buru osasunean espezializatutako zerbitzuak dituzten egoitzen alde egin behar dugu. Bakardadearen ordez, esperientzia positiboa eta aberasgarria eskaintzea. Merezi dute, haiek bizitza eman digute eta.

Bestalde, oso adin txikietan buru osasun arazoak agertzen ari dira. Horri dagokionez, ikerketan eta konpromiso publikoan ahalegin handiagoa egitea eskatzen dugu; azken urteotan haur eta gazte etaparako mediku-espezialitatea onartu izanak erakusten duen bezala.

Gizarte inklusiboa lortzeko beste foku bat hezkuntzaren arloko sentsibilizazioa izango litzateke. Buru osasunari buruzko ezagutza eta estigmari aurre egitea gizarteko maila guztietara eraman behar dugu, oinarritik hasita, eskolatik.

Ona litzateke hezkuntza emozionala eskolako jardueren artean sartzea. Frustrazioaren aurrean adimena indartu behar da eta buru osasuneko arazo larrien sorburu diren arbuio- eta indarkeria-jarrerak desagerrarazi.

Hori dela eta, ahalduntzeko eta parte hartzeko beharra azpimarratzen dugu, hazkunde pertsonalerako mekanismo gisa. Era berean, ohartarazi nahi dugu, egun, gure kolektiboko % 84k ez duela lanean oinarritutako bizitza-proiekturik. Laneko desberdintasunaren oztopoa estimulu-neurriekin gainditu behar da.

Buru osasunaz gozatzeko ematen dugun aholku bat kirola egitea da, osasun fisikoak errekuperazio-pronostikoa hobetzen duelako.

Amaitzeko, ohartarazi nahi dugu buru osasun arazoak, pandemiaren eragina kontuan hartuta, jada ez direla besteei gertatzen zaien zerbait, denoi gerta dakigukeela. Buru osasunaren alde lan egitea gizartearen ongizatearen alde eta gure etorkizunaren alde lan egitea da.

Era berean, desberdintasunak eta aurreiritziak gainditzeko modu bat eskubideen ikuspegia da, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko NBEn (Nazio Batuen Erakundea) hitzarmenean jasotakoa.

Buru Osasunaren Aldeko Lehen Pertsonan Batzordetik eta estatuko emakumeen saretik hurrengoa esaten dizuegu: “Borrokatu zuen eskubideen alde. Buru osasuna beharrezko eskubidea da. Bihar zu izan zaitezke”.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org