Fedeafeseko presidente Mari Ángeles Arbaizagoitiak Sareen Saria jaso du, urte askoz buru osasunaren alde erakutsitako konpromisoagatik

Mª Ángeles Lehendakariarekin

Arbaizagoitiak 36 urte daramatza boluntario gisa. “Bere ibilbide luze eta oparoan erantzun kolektiboak eraiki ditu osasun mentalaren esparruan, eta eredugarria da sektore osoan, bai Araban eta baita Euskadin ere”, azaldu du Sareen Sareko presidente Borja Dovalek.

“Familiak Administrazioaren aurretik joan gara, baliabiderik ez zegoenean laguntza eskainiz, eta beti boluntariotzatik. Erakunde publikoek eskaintzen ez zituzten baliabideak sortu genituen eta erantzukizun publikoko zerbitzuak dira egun”, adierazi du Fedeafeseko arduradunak.

 

Fedeafeseko presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiak Sareen Sarearen aitorpena jaso du gaur, maiatzak 12. Urtero, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Egunarekin bat ematen duten sariak Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen lana aitortzen du.

Arbaizagoitiak 36 urte daramatza boluntario gisa. “Bere ibilbide luze eta oparoan erantzun kolektiboak eraiki ditu osasun mentalaren esparruan, eta eredugarria da sektore osoan, bai Araban eta baita Euskadin ere”, azaldu du Sareen Sareko presidente Borja Dovalek. Nabarmen hunkituta, “buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako baliabideetan gehiago inbertitzeko” eskaera egin du, “giza eskubideen errespetua eta pertsonen bizitza autonomoaren sustapena kontuan hartuta”.

Fedeafeseko ordezkari nagusiak gogora ekarri ditu elkarte mugimenduan emandako lehen urteak, haren seme Txomin gaixotzearekin batera. Duela 30 urte, bere buruaz beste egin zuen semeak, eta Arbaizagoitiak, une gogor haiei aurre eginez, kolektiboaren alde buru-belarri lanean jarraitzea erabaki zuen. “Bidegabekeri izugarria sentitu nuen buru osasuneko arazoa zuten pertsonak alboratzen zirela ikustean. Bakardadera bultzatzen ziren, bizi-proiektu duinik izateko itxaropen guztiak ezabatuta. Egoera horri eta baliabide faltari aurre egiteko, semearen heriotzaren ostean ere pertsona hauen alde lanean jarraitzeko erabakia hartu nuen, buru nahasmendua dutenentzako arreta egokia aldarrikatzeko”, adierazi du.

“Familiak Administrazioaren aurretik joan gara, baliabiderik ez zegoenean laguntza eskainiz, eta beti boluntariotzatik. Erakunde publikoek eskaintzen ez zituzten baliabideak sortu genituen eta erantzukizun publikoko zerbitzuak dira egun”, aipatu du Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Asasam (Aiarako bailara, Araba) eta Avifes (Bizkaia) elkarteak bateratzen dituen federazioko arduradunak.

Youtube bitartez zuzenean emandako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak Mari Ángelesen ibilbidea txalotu eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen zeregina azpimarratu du: pertsona bakoitza oinarri hartuta, ongizate kolektiboa eraikitzen laguntzen dutela nabarmendu du, eta aipatu du parte-hartzea bultzatu nahiz eskubide eta erantzukizun publiko partekatuak defendatzen dituztela esku-hartze sozialaren esparruan.

Pandemiak emakumeen buru osasunean izan duen eraginaz ohartarazi du Fedeafesek, eta ondorioei aurre egiteko baliabide gehiago eskatu ditu

WhatsApp Image 2021-03-08 at 09.11.21
 
  • Azken hilabeteotan areagotu egin dira antsietate eta depresio sintomak emakumeen artean, baita elikadura-portaeraren nahasmenduak ere neska nerabe eta gazteen artean. Azken horien kasuan, hain zuzen, hirukoiztu egin dira arreta-eskaerak pandemiaren une zailenetan, osasun mentaleko zerbitzu espezializatuetako iturriek jakinarazi dutenez
  • Buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen arretan genero-ikuspegia txertatzea eskatu du Fedeafesek, eta ezinbesteko deritzo emakume hauen parte-hartzea bultzatzea euren gizarteratzean eta laneratzean funtsezkoak diren arloetan.

Pandemiak emakumeen buru osasunean izan duen eraginaz ohartarazi du Fedeafesek, buru nahasmendua duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, eta ondorioei aurre egiteko baliabide gehiago eskatu ditu. Erakundeko presidente Mª Angeles Arbaizagoitiak aditzera eman du azken hilabeteetan “antsietate eta depresio kasuek nahiz botiken kontsumoak gora egin dutela” eta batik bat neska nerabeei eragiten dieten elikadura-portaeraren nahasmenduak ere hirukoiztu egin direla, osasun mentaleko zerbitzu espezializatuetako iturriek jakinarazi dutenez.

Bestalde, buru osasuneko arazoak dituzten emakumeek gizartean jasaten duten “diskriminazio anizkoitza” salatu du federazioak, eta genero-ikuspegia beharrezkotzat jo du kolektibo honetako emakumeen alde egiten diren esku-hartzeetan. Ildo beretik, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Fedeafesek buru nahasmendua duten andrazkoen zaurgarritasunaz ohartarazi nahi ditu administrazioak, indarkeriaren biktima izateko arrisku handia baitute, buru osasuneko arazorik ez duten emakumeen portzentaiaren nabarmen gainetik. Horrenbestez, egoera horiek ekiditeko neurriak aldarrikatu ditu euskal federazioak, azken urteotan plazaratu dituen azterlanetan aurkeztutako proposamenen harira.

Adierazpena

Estatuko osasun mentaleko konfederazioaren baitan dagoen emakume-sareak adierazpen dokumentua landu du kolektibo honen oinarrizko eskubideak defendatzeko, urratuak izan baitira eguneroko bizitzako arlo anitzetan. Emakume talde horren barne daude Fedeafeseko hainbat ordezkari. Manifestuan jasotako salaketa eta aldarrikapenen artean daude: justizia eskuragarri izatea gizonezkoen baldintza beretan, baita indarkeria matxistarekiko babes- eta harrera-zerbitzuak eskuragai edukitzea ere. Hezkuntza ez sexista ere aldarrikatu dute, eta euren oinarrizko eskubideak eta autonomia errespeta daitezela eskatu dute.

Avifes (Bizkaia), Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba) eta Asasam (Aiarako bailako, Araba) elkarteak bateratzen dituen federazioak hainbat azterlan gauzatu ditu berdintasunaren, emakumeen aurkako indarkeriaren, bizi-kalitatearen eta enpleguaren inguruan. Ikerlanek agerian jarri dituzten datuen artean, aipagarria da gizonezko nabarmen gehiago iristen direla enpleguarekin loturiko zerbitzu eta baliabideetara, emakumezkoen bikoitza baino gehiago. Eta gizarteratze eta laneratze baliabideetan ere antzeko aldea dago.

Horrez gain, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasunaren alde lan egiten duten erakudeei eskatu die kontuan har ditzatela, politika guztietan, buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen behar konkretuak, eta baliabide eta zerbitzuak haien egoerari erantzuna eman ahal izateko egokitzea.

Diskriminazio intersekzionala

Halaber, buru osasun arazoa duten emakumeek jasaten duten diskriminazio intersekzioala salatu dute; bereziki, “emakume izateagatik eta buru osasun egoeragatik” pairatzen duten bereizkeria. Zentzu horretan, buru nahasmenduen inguruan eraikitako aurreiritziek “izaki asexuatu edo hipersexual” gisa irudikatzen dituztela adierazi dute. “Adin txikikoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte; ama izateko, bikote-harremanean egoteko, heziketa jasotzeko edo egiazko argudioak erabiltzeko ezgai ikusten gaituzte”.

Emakumeak ahalduntzeko ekintzak

Kolektibo honek pairatzen duen kalteberatasun egoeraz kontzientziatzeko, emakume hauei informatzeko eta euren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Fedeades Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna’ orrialdean. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea dauka, kontzientziazio eta informazio lana indartzeko.

Bestalde, bai Fedeafes eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira lanean emakumeak ahalduntzeko taldeko ekintzen eta andreen nahiz profesionalen prestakuntzaren bitartez. Gainera, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen ditu maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen ditu.

Horrez gain, Zaballa espetxearekin kolaboratzen du Fedeafesek, kartzelaratuta dauden emakumeak ahalduntzeko, kolektibo bereziki zaurgarria baita indarkeria nahiz desparekotasun egoeren aurrean. Zentzu horretan, martxoaren 10ean norbere burua zaintzeari eta erresilientziari buruzko tailerra eskainiko du zentroan. Fedeafesek landutako sentsibilizazio-ekintzek Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken babesa dute.

‘Emakumeak eta buru-osasuna pandemia garaian’ jardunaldia

Buru osasuneko arazoa duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) solasaldia egingo du, abenduaren 17an, pandemiak eta urruntze sozialak emakumeen buru osasunean duen eragina aztertzeko. Aurten bizi dugun egoerak zenbateraino erasan gaituen adierazten duten datuak ez ditugu oraindik, baina aipagarria da, Osakidetzaren arabera, emakumeen % 17k antsietate eta depresio sintomak jasaten dituela Euskadin. Gizonezkoen kasuan, berriz, % 9an dago zifra. Hala eta guztiz ere, Fedeafeseko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak uste du 2020ko balantzeak datu horien gorakada nabarmena erakutsiko duela.

Mahai-inguru birtuala 16:30etik aurrera egingo da, eta Fedeafesen Youtubeko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da. Interes handiko hizlariek hartuko dute parte ekitaldian: Espido Freire idazle ospetsuak, zeinak depresioa pairatu duen eta nahasmendu horren inguruko ‘De la melancolía’ nobela idatzi duen; Margarita Sáenz Herrero psikiatra eta unibertsitate-irakasleak, ‘Tarhadas’ liburuaren egileak; Fedeafeseko Emakumeen Berdintasunerako Arloko, Asasameko zuzendaritza-batzordeko nahiz Salud Mental España konfederazioko En Primera Persona batzordeko kide María Isabel García Peñak; eta berdintasunaren aldeko Piper Txuriak gizon taldeko kide Juanma Feito Guerrerok, zeinak sexismoak gizonezkoengan dituen ondorioei buruzko jarduerak gauzatzen dituen. Moderatzaile lanak egingo ditu Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak bateratzen dituen federazioko gerente María José Canok.

Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren laguntza du jardunaldiak, eta ‘Ondoan gaituzu; urruntze sozialak ez zaitzala isolatu’ kanpainaren barne dago. Sentsibilizazio-egitasmo horren bidez, gaur egungo egoerak pertsonengan sor ditzakeen isolamendua eta ondorio psikologikoak saihestu nahi ditu euskal federazioak.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org