‘Emakumeak eta buru-osasuna pandemia garaian’ jardunaldia

Buru osasuneko arazoa duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) solasaldia egingo du, abenduaren 17an, pandemiak eta urruntze sozialak emakumeen buru osasunean duen eragina aztertzeko. Aurten bizi dugun egoerak zenbateraino erasan gaituen adierazten duten datuak ez ditugu oraindik, baina aipagarria da, Osakidetzaren arabera, emakumeen % 17k antsietate eta depresio sintomak jasaten dituela Euskadin. Gizonezkoen kasuan, berriz, % 9an dago zifra. Hala eta guztiz ere, Fedeafeseko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak uste du 2020ko balantzeak datu horien gorakada nabarmena erakutsiko duela.

Mahai-inguru birtuala 16:30etik aurrera egingo da, eta Fedeafesen Youtubeko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da. Interes handiko hizlariek hartuko dute parte ekitaldian: Espido Freire idazle ospetsuak, zeinak depresioa pairatu duen eta nahasmendu horren inguruko ‘De la melancolía’ nobela idatzi duen; Margarita Sáenz Herrero psikiatra eta unibertsitate-irakasleak, ‘Tarhadas’ liburuaren egileak; Fedeafeseko Emakumeen Berdintasunerako Arloko, Asasameko zuzendaritza-batzordeko nahiz Salud Mental España konfederazioko En Primera Persona batzordeko kide María Isabel García Peñak; eta berdintasunaren aldeko Piper Txuriak gizon taldeko kide Juanma Feito Guerrerok, zeinak sexismoak gizonezkoengan dituen ondorioei buruzko jarduerak gauzatzen dituen. Moderatzaile lanak egingo ditu Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak bateratzen dituen federazioko gerente María José Canok.

Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren laguntza du jardunaldiak, eta ‘Ondoan gaituzu; urruntze sozialak ez zaitzala isolatu’ kanpainaren barne dago. Sentsibilizazio-egitasmo horren bidez, gaur egungo egoerak pertsonengan sor ditzakeen isolamendua eta ondorio psikologikoak saihestu nahi ditu euskal federazioak.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org