Fedeafesek buru gaixotasuna duten emakume presoak artatzeko laguntza gehiago eskatu die instituzioei
Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, genero-indarkeriari begira, preso dauden emakumeak artatzeko laguntza gehiago eskatu die instituzioei; batez ere, buru gaixotasuna duten pertsonak badira, kolektibo bereziki ahula baita.
Azaroaren 3oean Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeko arduradunekin, eta bere idazkaria den Ana Alberdirekin, elkartu zen Fedeafes. Topaketa horretan, Arabako Zaballa espetxeko bederatzi presok ere parte hartu zuten, horietatik batzuk buru gaixotasuna zutenak. Bestalde, psikologoak eta espetxeko teknikoak ere han izan ziren. Euskal federaziotik María Ángeles Arbaizagoitia presidentea, Mari Jose Cano gerentea, Berdintasun saileko María Isabel García eta Haizea de Dios psikologoa egon dira.
Fedeafes bat dator Emakunderen bidez emakume presoek egin dituzten aldarrikapenekin; eta bereziki genero-indarkeria jasan duten emakumeei zuzenduriko baliabide egokituak izatearekin. Esaterako, Fedeafesek zentroko psikologoek egindako salaketa babestu du, presoek espetxe-baimenez gozatu ahal izateko egiturak edukitzea. Kontuan izan behar da, askok nahiz eta hirugarren gradua lortu ez dutela etxerik, beraz kartzelan bertan geratu behar dute.
Irune Lauzirikak, Emakundeko teknikoak, indarkeria egoerak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko jarraibideak eman zizkien. Era berean, bileran parte hartu zuten Zaballako kartzelako teknikoek ere, buru gaixotasuna duten emakumeak artatzeko beharrak azpimarratu dituzte, eta egoera ahulean dagoen kolektibo hori artatzeko baliabide gutxi dagola nabarmendu dute.
Lan jardunaldia aurreko asteko “Buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeria” ikerketa ondorioen aurkezpena eta gero egin da. Azterlana Fedeafesek egin du Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren babesa izan du. Ondorio nagusien artean, aipatu dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko arriskua bikoiztu edota hirukoiztu egiten dela biktimak buru gaixotasun larriren bat badu. Gainera, buru gaixotasun larria duten emakumeen %80 inguruk indarkeria psikologikoa, fisikoa edota sexuala jasan dute bikotekideak eraginda euren bizitzako uneren batean.
Ikerketak ageria utzi dituen datuen aurrean, Fedeafesek proposatzen du indarkeria jasan duten edo egun jasaten ari diren eta buru gaixotasun larria duten emakumeei bideratutako arreta psikologikoko zerbitzu espezializatua sortzea. Era berean, buru osasuneko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen artean koordinazio handiagoa eskatzen du.
Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, emakumeak eta profesionalak formatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeria kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko.