Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eskubideak ez urratzeko neurriak eskatu ditu Buru Osasuna Euskadik
Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eskubideak ez urratzeko neurriak eskatu ditu Buru Osasuna Euskadik, Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Avifes (Bizkaia) eta Asasam (Aiaraldea) elkarteak biltzen dituen federazioak. Gaur Gasteizen, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako ekitaldian, federazioko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak beharrezkotzat jo du Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan jasotako eskubideen erabilera bultzatzea, “osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonen estigma eta diskriminazioa desagerrarazteko”.
Arbaizagoitiaren esanetan, buru nahasmendua duten pertsonen bizimodu independenterako eskubidea bermatzeko beharrezkoa da inbertsioak egitea, laguntza-etxebizitzetan eta bizitza autonomoa errazten duten baliabideetan, besteak beste.
Osasun arloan, “giza eskubideen ikuspegia indartu behar da arretan eta tratamenduetan”, Buru Osasuna Euskadiko presidenteak adierazi duenez. “Beharrezkoa da, halaber, osasun mentalarekin loturiko erabakiak aldez aurretik hartzeko aukera bultzatzea, norberak erabaki dezan zer zainketa eta tratamendu mediko jaso nahi dituen etorkizunean”, adierazi du.
Euskal federazioak beste premiazko esku-hartze arlo bat ere aipatu du: buru nahasmenduak prebenitzea eta artatzea haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan. “Bereziki garrantzitsua da patologia duala eragin dezaketen adikzioak prebenitzea. Gainera, adikzioek gizarte-bazterketaren arriskua areagotu eta gazteak egoera negatiboetara bultzatu ohi dituzte, baita buru osasunari kalte gehiago eragin ere”, ziurtatu du Arbaizagoitiak.
“Buru osasuna, mundu osasuna. Eskubide unibertsala”
Europako Jauregian burututako ekitaldia bat etorri da Espainiako Buru Osasunaren Konfederazioaren baitan adostutako leloarekin: ‘Buru osasuna, mundu osasuna. Eskubide unibertsala’. Bertan izan dira euskal erakundeetako ordezkariak.
Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Buru Osasuna Euskadi federazioaren lana txalotu du, erakundeen eta elkarte-mugimenduaren arteko koordinazioa errazten duelako. Aditzera eman duenez, “beharrezkoa da buru nahasmenduen estigma ezabatzea, baita prebentzioan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzea ere, teknologia digitaletan eta sendagai berrietan batik bat”. Halaber, “prebentzioaren eta diagnostiko goiztiarraren garrantzia” nabarmendu du.
Arartekoaren ondoko Inés Ibáñez de Maeztuk osasun mentalari arreta hobea emateko eta buru nahasmenduen inguruko estigmarekin amaitzeko apustua egin du. Gogorarazi duenez, gai horiek dagoeneko jasota daude Garapen Jasangarriko Helburuetan eta 2030 Agendan. Euskadiko Herriaren Defentsa Erakundearen ordezkariak adierazi duenez, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna kolektibo horrekiko konpromisoa berresteko aukera paregabea da. Gaineratu duenez, beharrezkoa da buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen premia espezifikoei erantzungo dien osasun-estrategia batean sakontzea, eta horrek, besteak beste, laguntza soziosanitarioko zerbitzuak, estigmaren aurkako borroka eta eskola inklusibo eta osasungarriak sustatzea.
Bestalde, Gorka Urtaranek, Arabako Gizarte Politiketako foru diputatuak, gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzeko eta “osasun mentalari buruzko mitoak eraisteko” lanean jarraitzearen alde egin du. Horrez gain, erakunde arabarraren azken jarduketetako batzuk aipatu ditu: adibidez, Arabako Bizimodu Independentearen Ereduan sartzea eta etxez etxeko arretara zuzendutako Etxean Bai Plana garatzea.
Gasteizko lehen alkateorde Beatriz Artolazabalek azpimarratu du osasun mentala lehentasuna dela euskal erakundeen agendan, baita Udalekoan ere. “Buru nahasmenduak isilarazi egin dira eta diagnostikodun pertsonek ez dute bizitza erraza izan, baina errealitate hori aldatzen ari da erakundeon eta Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lankidetzari esker”, baieztatu du. “Beharrak amaigabeak dira eta baliabideak mugatuak”, baina, Gasteizko Udaleko ordezkariak adierazi duen bezala, koordinazioari esker, arreta hobetzen joango da eta kolektiboaren behar guztiei erantzun ahal izango zaie.
Gotzone Sagarduy Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, berriz, “Euskadin egindako bideaz” hausnartzeko aprobetxatu du aukera, eta elkarteen “meritua” aitortu du. “Zuekin ikasten eta elkar ulertzen joan gara, eta familiak eta pertsonak gure politiken erdigune bilakatzea lortu duzue”, adierazi du.
Azken hamarkadetan Euskadin garatutako arreta komunitarioaren eredua nabarmendu du Sagarduyk, eta amaitzear dagoen Osasun Mentaleko Estrategia berria aipatu du. Hainbat arazotan jarriko du arreta: suizidioan, haurren eta nerabeen osasun mentalean, elikadura-portaeraren nahasmenduetan eta patologia dualean, besteak beste. Eusko Jaurlaritza buru osasunaren alde egiten ari den inbertsioa ere nabarmendu du: “baliabide materialak bikoiztu egin dira haur eta gazteen arreta-eremuan”.
Era berean, ekitaldian parte hartu du María Isabel García Peñak, Buru Osasuna Euskadiko Lehen Pertsonako Batzordeko eta Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioko Buru Osasunaren Aldeko Lehen Pertsonan Batzordeko kideak. Azkenik, Belindak mikrofonoa hartu du Asafeseko Erroak programako lagun Eric-ekin grabatu duen bideoklipa aurkezteko.