Buru Osasuna Euskadik genero-ikuspegidun esku-hartzea eskatzen die erakundeei indarkeria matxista detektatzeko, baita buru nahasmendua duten eta indarkeria jasaten ari diren emakumeei arreta egokia ematea ere
Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, indarkeria matxistaren arretarako zerbitzu publikoek buru nahasmendua duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Buru Osasuna Euskadik, Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak bateratzen dituen federazioak. Izan ere, emakume horiek bortizkeria matxista jasateko arrisku gehiago dute.
Buru nahasmendua duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Hala adierazten du Buru Osasuna Euskadik egindako ikerlanak. Azterlan horren arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k –noizbait bikote-harremana izan dutenen artean– jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu zuenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen. Beste datu batzuen artean, buru nahasmendu larria duten emakumeen %26k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkagarria da kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.
Testuinguru horretan, indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du Buru Osasuna Euskadik, profesionalen prestakuntza kontuan hartuz, baita biolentzia-kasuen aurrean esku hartzeko eta deribazioak egiteko protokoloak landuz ere. Era berean, emakumeen babeserako baliabideetan kolektibo honetako andreei harrera bermatzea eskatu die euskal federazioak erakunde publikoei.
Sentsibilizazioa
Errealitate horri aurre egiteko burututako ekintzen artean, euskal federazioak bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Ekimen honen barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko eta Instagrameko orriak ere. Sentsibilizazio-ekimena duela zenbait urte abiatu zen eta aurrera jarraitzen du buru nahasmendua duten emakumeak ikusarazi eta eurek jasotzen duten arreta hobetzea helburu duten ekintza berriekin.
Besteak beste, Buru Osasuna Euskadik gaiari buruzko podcast ildo bat estreinatu du. Profesionalei elkarrizketak egin eta lehen pertsonan eskainitako testigantzak jasoko ditu hainbat ataletan, osasun mentalaren eta genero-berdintasunaren inguruan. Lehenengo saioak Buru Osasuna Euskadiko Emakumeen Berdintasunerako arloko emakumeen solasaldia hartzen du. Vicky Pizarro kazetariak Loli Romero, Amaia Santos eta María Isabel García Peña elkarrizketatu ditu, baita federazioko gerente María José Cano ere, indarkeria matxistaren, berdintasunaren eta ahalduntzearen inguruan.
Halaber, Buru Osasuna Euskadiko elkarteetako emakume eta gizonentzako prestakuntza-ekintzak garatzen ari dira, ‘Cambiacuentos’ izenburupean. Ipuin tradizionalek genero-aurreiritziak betikotzen nola lagun dezaketen hausnartzea da ekimen honen helburua. Giro lasai eta gogoetatsuan, bost prestakuntza-tailer garatzen ari dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Laudion, eta Arabako Espetxean dauden emakumeentzako tailer bat ere egin da. Ekintza horiek Emakunderen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren babesa dute.
Euskal federazioak, gainera, Espainiako Buru Osasunaren konfederazioaren #NosotrasSíContamos kanpainarekin bat egiten du. Egitasmo horren helburua da osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeek jasaten duten indarkeria ikusaraztea eta eskubide- eta aukera-berdintasuna aldarrikatzea.
Emakumeenganako indarkeriari buruzko azterlana
Buru Osasuna Euskadik landutako azterlanak azaleratu du indarkeria jasatearen eta osasun mentaleko arazo larria izatearen artean harreman nabarmena dagoela. Horrez gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buruko osasun arazo larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea.
Zentzu horretan, Buru Osasuna Euskadik gogorarazi du 2017an Eusko Legebiltzarrak buru osasunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuela euskal federazioaren 30. urteurrenean, talde parlamentario guztien babesarekin. Euskal Ganberak kezka berezia adierazi zuen “genero-indarkeria pairatzen duten eta buru gaixotasuna duten emakumeengatik”. Horregatik, onartutako deklarazioan administrazioei eskatu zien “zain dezatela kolektibo hori” eta “bere beharrei erantzun egokia eman diezaiotela”.
Profesionalak sentsibilizatzeko gida
Buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida landu du Buru Osasuna Euskadik. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta osasun mentaleko arazoen arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko. Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak.
2030 Agenda
Euskal federazioak, halaber, Eusko Jaurlaritzak 5. Garapen Jasangarriaren Helburuaren inguruan hartutako konpromisoa azpimarratzen du. Helburu horren xedea da genero-berdintasuna lortzea eta emakumeen eta nesken aurkako diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiak desagerraraztea. Gainera, 2030 agendaren leloa gogorarazi du (“Ez utzi inor atzean”), plangintzan buru-nahasmendua duten emakumeak ere kontuan har ditzaten.