Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du gora egin dutela euskal elkarteetan artatutako adingabeen eta gazteen kasuek

  • Euskal federazioak ohartarazi du, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, osasun mentala eta buru nahasmenduen prebentzioa sustatu behar direla haurren, nerabeen eta gazteen artean.
  • Era berean, euskal erakundeak adierazi du biztanleria-talde horrentzako baliabide nahikorik ez dagoela. Besteak beste, plaza kopuru nahikoa duten osasun-baliabide intentsiborik eza (etxez etxeko arreta edo eguneko ospitaleak lurralde guztietan), larrialdietako ohe kopuru murritza edo adingabe, gazte eta haien familiei laguntza psikologiko egokia emateko beharra azpimarratu ditu.


Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Avifes (Bizkaia) eta Asasam (Aiaraldea) elkarteak biltzen dituen Buru Osasuna Euskadi federazioak haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan buru osasuna eta buru nahasmenduen prebentzioa sustatzeko beharraz ohartarazi du. Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta gaur Bilbon egin den ekitaldi instituzionalean, María Ángeles Arbaizagoitiak, euskal erakundeko presidenteak, jakinarazi du euskal elkarteek “gero eta haur eta gazte gehiagori ematen dietela arreta”.

Lau euskal elkarteetako kideak Bilborock aretoan bildu dira, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Arartekoko eta Bilboko Udaleko ordezkariekin batera, Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren aldarrikapenekin bat egiteko. Aurten, haurren eta gazteen osasun mentalean jarri dute arreta, eta prebentzioa nahiz biztanleria-talde horri laguntzeko baliabideak indartzeko beharra nabarmendu dituzte.

Arbaizagoitiak iaz Buru Osasuna Euskadik EAEko haur, nerabe eta gazteen osasun mentalaren inguruan aurkeztutako azterlana aipatu du, zeinak honako gabezia nagusiak jaso zituen: plaza kopuru nahikoa duten osasun-baliabide intentsiborik eza (etxez etxeko arreta edo eguneko ospitaleak lurralde guztietan), larrialdietako ohe kopuru murritza eta adingabe, gazte zein haien familiei laguntza psikologiko egokia emateko beharra, besteak beste.

Bestalde, euskal erakundeak kontsumoen eta adikzioen prebentzioaren alde apustu egitearen garrantzia defendatu du, jarrera horiek buru nahasmenduak ekar baititzakete eta gizarte-bazterketaren arriskua areagotu. Egoera horrek, Arbaizagoitiaren hitzetan, “pertsonaren osasun mentala okertuko luketen hamaika egoera negatibotara eraman lezake gaztea”.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du arimaren zauriak gorputzekoak bezain mingarriak eta batzuetan jasanezinagoak direla”. Bestalde, aitortu du, “zorionez, gizarteak nahasmendu horiei buruz duen pertzepzioa erabat aldatu dela azken urteotan”. Hala ere, bere esanetan, “beharrezkoa da enpatian, aniztasunean, tolerantzian, desberdintasunarekiko errespetuan eta abarretan sakontzea”, bizikidetza soziala hobetzeko.

Ines Ibañez de Maestuzek, jarduneko Arartekoak, haurtzaroa eta nerabezaroa funtsezko etapa direla aipatu du, “estres edo ziurgabetasun handiko uneak” gertatzen baitira adin horietan eta horiek denboran zehar eragin negatibo iraunkorrak izan baititzakete. Arartekoaren ordezkariak “2020ko konfinamendu gogorrak haur eta nerabeengan izan duen eragina” gogorarazi du, eta pertsona guztientzat errealitate hobea sortzeko helburu partekatuan aurrera egiten jarraitzearen alde egin du apustu.

José Antonio de la Ricak, Eusko Jaurlaritzako Arreta Soziosanitarioko zuzendariak, adierazi du Osasun Sailak osasun mentaleko arazoekiko aurreiritzi eta jokabide diskriminatzaileak ezabatzeko konpromisoa duela. Berriki sortutako mahai instituzionala aipatu du, estigmaren aurkako borrokan zeresana duten administrazio guztien presentziarekin. “Mahai hau hasiera baino ez da; orain, geure buruari proposatutako erronkaren mailan egotea dagokigu”, baieztatu du.

Bestalde, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak esan du osasun mentala ez dela “beste batzuen kontua, guztiona baizik. Edonork izan ditzake osasun mentaleko arazoak bizitzako uneren batean”. Horrez gain, Bizkaian duela gutxi zaintzapeko etxebizitza-sarea handitu dela aipatu du. “Hori da eraikitzen jarraitu beharko dugun bidea”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, berriz, mahai gainean jarri du Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Lege berria. Amilibiak adierazi duenez, baliabide berrien beharra aztertzen ari dira, pixkanaka adin-tarte horren arreta-eskaera gero eta handiagoari erantzun ahal izateko.

Buru Osasuna Euskadiren 35. Urteurrena

Euskal federazioaren 35. urteurrena ospatzeko ere balio izan du ekitaldiak. Lau euskal elkarteen ahaleginak batzeko eta kolektiboaren eskubideak defendatzeko helburuarekin sortu zen, eta Arbaizagoitiak duela 45 urte eratzen hasi ziren elkarteen ibilbidea goraipatu nahi izan du. “Hasiera batean familiartekoek bakarrik osatzen zuten mugimendu hartatik hona bide luzea egin dugu, eta gaur egun buru osasunaren arretarako sare zabal eta aditua dugu”.

Osasun Mentalaren Aldeko Lehen Pertsonan Batzordeak eta Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioko Emakumeen Sareak landutako manifestuaren irakurketa egin dute saioan, ‘Eman like buru osasunari. Ongizatean hazteko eskubidearen alde’ lelopean. Aurtengo eslogana Estatuko batzordeak berak aurkeztutako hainbat proposamenen artean aukeratua izan da online bozketa batekin. María Isabel García eta Mikel Merino Buru Osasuna Euskadiko Lehen Pertsonako Batzordeko kideek irakurri zuten manifestua.

Haur eta gazteen beharrak

Halaber, euskal federazioak garatutako ikerketak hezkuntza-unitate terapeutikoen plazak handitzeko eta benetako hezkuntza inklusiborako beharrezko laguntzak eskaintzeko beharra identifikatu zuen. “Arlo sozialetik kasu larriagoetarako egoitza-unitate soziosanitarioak sortzea eskatzen dugu, bai eta buru osasuneko arazoak dituzten gazteentzako egoitza-baliabideak eta bizitza independentea babesteko programak ere”. Mari Ángeles Arbaizagoitiak adierazi duenez, “lanpostuak sustatzea edo enplegu publikoaren eskaintzetan kolektiboarentzako lanpostu espezifikoak gordetzea ere aldarrikatzen dugu, beste desgaitasun batzuekin egiten den moduan”.

Buru Osasuna Euskadik erakundeei eskatzen die buru nahasmenduek eragindako estigmatizazioa aintzat hartu dezatela, buru nahasmendua duten pertsonei nahiz familiei eragiten baitie. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak estigma desagerrarazteko bultzatutako estrategian inplikatzeko eskatu die erakunde publikoei. Horrek guztiak osasun mentalaz hitz egitea normalizatzen lagunduko du, eta, azken batean, adingabeentzat eta gazteentzat errazagoa izango da laguntza eskatzea beharra dutenean, Arbaizagoitiak jakinarazi duenez.

Arreta behar duten intentsitatearekin emanez gero, haur eta gazteak errekuperatu egin daitezke, eta, hala, beren estigmatizazioa zein familiena saihestuko ditugu”, baieztatu du Buru Osasuna Euskadiko presidenteak.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org