Pandemia garaian buru osasunaren aldeko inbertsioa indartzeko beharra helarazi dio Fedeafesek Eusko Jaurlaritzari

Fedeafeseko ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Gizarte Politiketako sailburuekin, Gotzone Sagarduirekin eta Beatriz Artolazabalekin, elkartu da gaur, urriak 21, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kolektiboaren beharrak helarazteko.

Buru osasuneko arazoak dituzten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioko presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiak pandemiak gizartearen buru osasunean dituen ondorioekiko kezka ezagutarazi die arduradun instituzionalei. “Egungo egoerak eragin zuzena du osasun, gizarte, ekonomia eta lan arloetan, baita eremu pertsonalean ere, eta horrek kalteak sor ditzake osasun mentalean, bai aurretik arazoren bat zuten pertsonengan eta bai nahasmenduren bat garatzeko arriskuan daudenengan”, jakinarazi du. Inpaktu horren ondorioz, antsietate, beldur, bakardade, gizarte-urruntze, ziurgabetasun eta estres mailek gora egin dute azken hilabeteetan.

Hortaz, buru osasunaren aldeko inbertsioa indartzea eskatu du Fedeafesek. “Baliabide berdinekin ezin diegu ezohiko egoerei aurre egin, baldin eta beste arreta-zerbitzu batzuen kalitatea gutxitzen ez badugu; eta horiek ere behar-beharrezkoak dira”, baieztatu du Arbaizagoitiak.

Pandemiak osasun mentalean duen eraginaren zifrak oraindik eskuragarri ez dauden arren, Osakidetzak argitaratutako azken datuen arabera, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta gizonen % 9k eta emakumeen % 17k antsietate edota depresio sintomak dituzte.

Fedeafeseko presidenteak azken hilabeteotan buru osasuneko profesionalek egindako lana ere azpimarratu du. “Bizitzea egokitu zaigun garai honetan, zalantzarik gabe, lehen jarduera-lerroan egon diren osasun-arloko profesionalen, supermerkatuetako, garbiketako, egoitzetako langileen eta abarren lan handia nabarmendu dugu, baina beste sektore batzuen lana ere funtsezkoa izan da, hala nola buru-osasuneko profesionalena, ikusgaitasun gutxiago eman bazaie ere”.

“Pertsona askok aurrera egin ahal izan dute gure elkarteek emandako laguntzari esker; izan ere, beren ekintza birmoldatu eta eraldatu egin dute, pertsonei pandemiaren unerik okerrenetan laguntzeko. Gaur egun ere, beren zerbitzua segurtasun-neurri guztiekin eta kalitatezko arretarekin eskaintzen jarraitzen dute”, nabarmendu du. Horrez gain, familiek itxialdi-uneetan duten ezinbesteko babes-funtzioaz mintzatu da.

Fedeafeseko presidente izateaz gain, Asasam elkarteko (Aiarako bailara) lehendakaria ere bada Mª Ángeles Arbaizagoitia, eta berekin batera izan dira Eusko Jaurlaritzako bileran Vicente Areta, Agifeseko lehendakaria (Gipuzkoa); Mª del Carmen Arroyo Santamaría, Asafeseko lehendakaria (Araba); Edurne Solupe, Avifeseko zuzendaritza-batzordeko kidea (Bizkaia); Mª Isabel García, Fedeafeseko Lehen Pertsonan Batzordeko ordezkari eta Emakumearen Berdintasunerako Arloko kidea, eta Mª José Cano, Fedeafeseko gerentea.

 

“Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu”

Gizarte-urruntze garaietan buru osasuna zaintzearen garrantziaz ere ohartarazi du Fedeafesek. Euskadiko Federazioak ‘Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu’ sentsibilizazio-kanpaina jarri du berriki abian, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken sailaren laguntzarekin. Egungo pandemia-egoerak eragin dezakeen isolamendua hausteko helburua du ekimenak, testuinguruaren ondorioz agertu edo indartutako antsietate edo depresio sintomak dituzten pertsonak laguntza eskatzera animatuz.

Egoera soziosanitarioak larriagotzen dituen buru osasuneko arazoei aurre egiteko, Fedeafesek babesa bilatzera bultzatzen ditu beharra duten pertsonak, gertuen duten elkartera hurreratuz: Agifes (Gipuzkoa), Asafes eta Asasam (Araba), eta Avifes (Bizkaia).

Fedeafeseko elkarteek laguntza eskaintzen diete mota horretako esperientziak bizi dituzten pertsona eta familiei. “Garrantzitsua da gizartea kontzientziatzea; ondoez psikikoa duten pertsonei laguntza eman behar zaie, batez ere, ziurgabetasun-garai hauetan, oso zaila baita gaizki dagoenarentzat egoerari bakarrik aurre egitea. Laguntza duzula jakiteak aurrera egiteko motibazioa ematen dizu”, adierazi du Arbaizagoitiak.

Pandemiak ondorio garrantzitsuak ditu osasunean, gizartean, ekonomian, lanean eta pertsonengan, eta faktore horiek eragin zuzena eta garrantzitsua dute biztanleriaren buru osasunean, bai aurretik osasun arazoren bat zuten pertsonengan, bai arazo hori garatzeko arriskuan daudenengan. Antsietatea, beldurra, bakardadea, distantzia soziala, murriztapenak, estresa eta ziurgabetasuna handitu egin dira azken hilabeteetan.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org