Buruko osasun arazoa duten pertsonen lan-aukerak sustatzeko politika aktiboak eskatu ditu Fedeafesek

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) kolektibo honen “lan-aukerak handitzeko beharra” azpimarratu du gaur, Eusko Legebiltzarrean egindako ekitaldi batean. Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Fedeafeseko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak, euskal elkarteetako ordezkariak ondoan zituela, “ekintza positiboko neurriak” har daitezela aldarrikatu du, gaixotasun mentala duten pertsonek lanpostua lortu eta mantentzeko babesa izan dezaten.

Alderdi politiko guztietako ordezkari parlamentarioen aurrean, Arbaizagoitiak jakinarazi du “Euskadiko enplegu-tasa baxuena duen kolektiboa” dela hau, “kopuru aldetik geure desgaitasuna bigarren zabalduena bada ere”. Salud Mental España konfederazioak eskainitako zifren arabera, pertsona hauen %15,9k du lana, eta soilik %5k dauka kontratu egonkorra.

Ekitaldi instituzional hau pasa den urriaren 6an Legebiltzarrak onartutako adierazpenaren ondoren egin da. Idatziaren arabera, talde parlamentario guztiak buru gaixotasuna duten pertsonen “autonomia eta gaitasunak” bultzatzearen alde agertu dira; batik bat, “gizarte baztertze egoera larrian” dauden pertsonen kasuan. Era berean, euskal Ganberak konpromisoa hartu du estigmaren aurka egiteko, pertsona hauen gizarteratzea eta ongizatea bultzatzeko eta enplegua suspertzen laguntzeko. Ildo horretatik, gaurko saioan, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak aintzat hartu du Fedeafesek 30 urteotan buru gaixotasuna ikusarazteko egin duen lana, eta nabarmendu du talde parlamentario guztiek aho-batez hartu dutela euskal federazioarekin kolaboratzen jarraitzeko konpromisoa.

Fedeafeseko arduradun nagusiak Eusko Legebiltzarrari eskerrak eman dizkio “buru osasunari eta prebentzioari lehentasuna” emateagatik. Horrez gain, “buru gaixotasuna duten pertsonak euren ingurune komunitarioan gizarteratzeko baliabide nahikoak” behar direla gogorarazi du, euren bizi-kalitatea eta integrazio soziala hobetze aldera.

Buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeria

Euskal federazioak, Legebiltzarrarekin bat eginez, administrazio publiko guztiei eskatu die “indarkeria jasaten duten kolektiboko emakumeei erantzun egokia” emateko lan egin dezatela. Era berean, prebentzio politikak eta atentzio goiztiarra garatzearen alde agertu dira, osasun mentaleko arazoak larriagotzea ekiditeko; bereziki, “haur eta nerabeen artean”.

Bestalde, Arbaizagoitiak eskatu du “enplegu publikoaren eskaintzetan txanda berezi bat erreserba dadila buru gaixotasuna duten pertsonentzat”. Gainera, Fedeafesetik aditzera eman dute buru nahasmendua duten pertsonak gizarteratzeko neurri anitz har daitezkeela. “Prestakuntza eskaini daiteke, enplegua egokitzeko laguntza eman, lanpostua erreserbatzeko kuota ezarri, gizarte-kooperatibak sortu edo buru osasunaren arloan lan egiten duten eta kolektiboaren laneratzea sustatzeko programak eskaintzen dituzten elkarteei laguntza eman, gure elkarteei kasu”.

Horrez gain, urriaren 6ko adierazpen instituzionalarekin bat egin du euskal federazioak gizarteari eskatuz buruko osasun arazoa duten pertsonekiko “ikuspegia zabaltzea, euren gizarteratzea errazteko eta bereizketa ekiditeko”. Zentzu horretan, Fedeafesek “estigmari eta bazterketari buruzko mahai transbertsala” sortzeko deia egin du, gizarteratzea sustatze aldera.

Kolektiboko bi pertsonek ere hartu dute hitza jardunaldian, María Isabel Garcíak eta David Gotzon Gatónek, buru osasunaren aldeko ‘En Primera Persona’ batzordeak landutako manifestua irakurtzeko, “Mozorrorik gabe lan egin. Lana oztoporik gabe eman” lelopean.

Fedeafesek EAEko 3.000 familia eta 12.000 pertsona baino gehiago ordezkatzen ditu. Honako elkarte hauek osatzen dute: AGIFES (Gipuzkoa), ASAFES (Araba), ASASAM (Aiaraldea) eta AVIFES (Bizkaia).

Buru Osasunaren Nazioarteko Eguneko txostena kontsultatu

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org