Fedeafesek baliabide gehiago eskatu ditu buru nahasmendua duten emakumeek jasaten duten indarkeria matxista hautemateko eta biktimei arreta egokia emateko

Bideoa ikusi

Indarkeria matxistaren arretarako zerbitzu publikoek buru nahasmendua duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek, buru osasun arazoa duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak. 

Buru nahasmendua duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Hala adierazten du Fedeafesek egindako ikerlanak. Azterlan horren arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k –noizbait bikote-harremana izan dutenen artean­– jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen. Beste datu batzuen artean, buru gaixotasun larria duten emakumeen %26k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkagarria da kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.

Testuinguru horretan, indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du Fedeafesek, profesionalen prestakuntza kontuan hartuz, baita biolentzia-kasuen aurrean esku hartzeko eta deribazioak egiteko protokoloak landuz ere. Era berean, emakumeen babeserako baliabideetan kolektibo honetako andreei harrera bermatzea eskatu die euskal federazioak erakunde publikoei.

Errealitate horri aurre egiteko burutako ekintzen artean, Fedeafesek bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Ekimen honen barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko orria ere.

Formakuntza eta sentsibilizazio ekintzen artean, bideo berria plazaratu du Fedeafesek pertsonen askatasuna eta duintasuna babesten duten “lerro gorrien” inguruan. Lerro horiek gurutzatzen direnean, indarkeria fisikoa, berbala edo psikologikoa jasaten du norbaitek. Bideoa buru osasuneko arazoa duten emakume gazteei zuzendua dago, bikote-harremanetan ezarri beharreko mugen inguruan sentsibilizatzeko eta indarkeria-egoerak hautematen laguntzeko.

Bestalde, Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Fedeafesek bihar tailerra eskainiko du Zaballako espetxean, indarkeria matxistak pandemia garaian duen eraginari buruz gogoeta egiteko bertako emakumeekin.

Emakumeenganako indarkeriari buruzko azterlana

Fedeafesek landutako eta Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlanak azaleratu du indarkeria jasatearen eta osasun mentaleko arazo larria izatearen artean harreman nabarmena dagoela. Horrez gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buruko osasun arazo larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea.

Zentzu horretan, Fedeafesek gogorarazi du 2017an Eusko Legebiltzarrak buru osasunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuela, talde parlamentario guztien babesarekin. Euskal Ganberak kezka berezia adierazi zuen “genero-indarkeria pairatzen duten eta buru gaixotasuna duten emakumeengatik”. Horregatik, onartutako deklarazioan administrazioei eskatu zien “zain dezatela kolektibo hori” eta “bere beharrei erantzun egokia eman diezaiotela”.

Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, Fedeafes emakumeak, gizonezkoak eta profesionalak trebatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeria kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko.

Profesionalak sentsibilizatzeko gida

Buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida landu du Fedeafesek. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta osasun mentaleko arazoen arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko.

Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak. 

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org