ONCE Euskadiren Sari Solidarioa jaso du Fedeafesek

 

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioa (Fedeafes) saritu du ONCE Euskadik, maiatzaren 23an Donostian burututako ekitaldian. Buruko osasun arazoa duten emakumeen alde egindako lana aintzat hartu du epaimahaiak, baita kolektibo horren ahalduntzea bultzatzeko ekintzak eta eurek pairatzen duten indarkeria aztertzeko landutako ikerlana ere. Horrez gain, emakume-talde honek sufritzen duen indarkeriari buruzko azterlanak komunikabideetan lortutako oihartzuna ere azpimarratu dute, eta Fedeafesek errealitate hori Euskadin nahiz Espainian ikusarazteko erakutsitako ahalmena zein emakume hauen eskubideak aldarrikatzeko esfortzua ere nabarmendu dute. Buru nahasmendua duten pertsonen eta horien senideen defentsan emandako 30 urteak ere txalotu dituzte.

Sari-banaketan golardoa jaso dute, halaber, El Diario Vasco egunkariak, Gorabideko boluntario eta erabiltzaile Conchi Basabek, banku etikoko Fiare proiektuak eta Zumarragako ospitaleak. Urtero banatzen diren sari horien helburua da lan solidarioa egiten duten pertsona, elkarte, erakunde eta komunikabideak aintzat hartzea. Herritarren gizarteratzea, normalizazioa eta autonomia pertsonala, irisgarritasun unibertsala zein bizitza independentea bultzatzen duten horien jarduna goraipatu nahi du ONCEk, bere kulturarekin, gizarte-ekonomiaren filosofiarekin eta Hirugarren Sektorearen helburuekin bat eginez.

Ekitaldian parte hartu dute, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin batera, ONCE fundazioko presidenteorde exekutibo Alberto Duranek; Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek; Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darpónek; Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak; Donostiako Udaleko Gizarte Gaietako zinegotzi ordezkari Aitziber San Romanek eta Gobernu zentraleko Euskadiko ordezkari Javier De Andrések.

Fedeafeseko presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiak golardoa eskertu du eta “federazioaren atzean dauden pertsona horiek guztiak” gogora ekarri ditu: buruko osasun arazoak dituzten pertsonak, senideak, elkarteak eta profesionalak. Emakumeaetaburuosasuna.org webgunearen eta Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental. Emakumea eta Buru Osasuna’ orriaren bitartez Fedeafesetik bultzatzen ari diren sentsibilizazio-lana ere azpimarratu du Arbaizagoitiak. gainera, Fedeafes babesten duten erakundeen laguntza eskertu du: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailarena eta Emakunderena, hain zuzen.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org