Fedeafesek buru gaixotasuna duten emakumeek jasaten duten genero-indarkeria aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du

  • Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak zerbitzu publikoak emakume hauen behar zehatzetara egokitzeko eskatu du
  • Fedeafesek burututako ikerketa baten arabera, buru gaixotasun larria duten emakumeek arrisku bikoitza edo laukoitza dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz
  • Buru gaixotasuna duten emakumeei zuzendutako webgunea abiarazi du gaur Fedeafesek: www.emakumeaetaburuosasuna.org

Genero-indarkeriaren arretan zerbitzu publikoek buru gaixotasuna duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak. Horregatik, kasu horiek gainditzeko laguntza psikologiko espezializatua eskatzen du, baita koordinazio handiagoa ere osasun mentaleko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen artean. 

Buru gaixotasuna duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Hala adierazten du Fedeafesek aurten aurkeztutako ikerlanak. Azterlan horren arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k, noizbait bikote-harremana izan dutenen artean, jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen. Beste datu batzuen artean, buru gaixotasun larria duten emakumeen %26k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkagarria da kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.

Errealitate horri aurre egiteko burutako ekintzen artean, Fedeafesek bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Iaz martxan jarritako ekimen honen barne, gaur abiarazi dute webgune berria, eta datozen urteetan ekintza berriak garatzen joateko asmoa dago. Kanpaina honen euskarri nagusietarikoa den Facebookeko orriaren bitartez, kolektiboa ikusarazteko eta emakume hauen ahalduntzea sustatzeko mezu eta ekintzak plazaratzen ditu euskal federazioak.

Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko ikerketa

Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlan horretan parte hartu dute buru gaixotasuna duten emakume multzo batek eta genero-indarkeriaren eta buru osasunaren arreta-alorreko hainbat profesionalek, baita hiru foru aldundietako, zenbait udaletako, Osakidetzako, Emakundeko eta Eusko Jaurlaritzako indarkeria sailetako arduradunek ere. Azterlanean ondorioztatu dute indarkeria jasatearen eta buru gaixotasun larria izatean artean harreman nabarmena dagoela. Horretaz gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buru gaixotasun larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea.

Zentzu horretan, Fedeafesek gogorarazi du urriaren 6an Eusko Legebiltzarrak buru osasunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuela, talde parlamentario guztien babesarekin. Euskal Ganberak “kezka berezia adierazten du genero-indarkeria pairatzen duten eta buruko gaixotasunak dituzten emakumeengatik”. Horregatik, onartutako deklarazioan administrazioei eskatu zien “zain dezatela kolektibo hori” eta “bere beharrei erantzun egokia eman diezaiotela”. Fedeafesek dei horrekin bat egin du, bereziki zaurgarriak diren emakume hauek arreta egokia jaso dezaten bermatzeko.

Zaurgarritasuna areagotzen duten faktoreak

Fedeafesek landutako Ikerlanak ere agerian utzi du, buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, urrakortasuna areagotu dezaketen gizarte eta egitura faktoreak, bereziki, hauexek direla: buru gaixotasunaren estigma bera, bakardadea eta isolamendua sortzen duena, eta pertsona horren istorioaren sinesgarritasun eskasa. Era berean, kolektibo honetan maiz ematen den enplegu eta baliabide ekonomikoen gabeziak ere eragina du.

Buru gaixotasuna duten emakumeen urrakortasuna areagotzen duten faktoreen artean daude euren burua defendatzeko baliabiderik ez izatea, autonomia falta eta beste pertsonekiko menpekotasuna izatea. Egoera zailtzen du ere autoestimu baxua izateak edota bikotekidea edukitzeko zailtasunak edukitzeak, horrek harreman desegoki gehiago izatera eraman baitezake.

Kolektiboa hobeto artatzeko proposamenak

Ikerketaren ondorio gisa, Fedeafesek proposatu du indarkeria jasan duten edo egun jasaten ari diren eta buru gaixotasun larria duten emakumeei bideratutako arreta psikologikoko zerbitzu espezializatua sortzea. Era berean, zerbitzu publikoen arteko koordinazio egokia bermatzearen alde apustu egin du Fedeafesek, eta indarkeria prebenitzeko eta emakumeen ahalduntzea lortzeko taldeko esku-hartzea egitea aholkatu du, baita gizonekin lan egitea ere, maskulinotasun berrien ikuspuntutik.  

Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, Fedeafes emakumeak eta profesionalak trebatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeria kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko. Gizonen formakuntza ere sustatzen du Fedeafesek, parekidetasuna guztion gauza baita.

Profesionalak sentsibilizatzeko gida

Buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida landu du Fedeafesek. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta buru gaixotasunaren arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko.

Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak. Edozein kasutan, ikerlanaren arabera, ingurune seguruan dauden emakumeak gai dira bizi izan dituzten bortxakeriak naturaltasunez kontatzeko. Halaber, behar bezala entzungo dieten profesionalak eta beharrezko babesa topatuz gero, abusuzko egoera horiek lantzeak efektu terapeutikoa duela dio.

 

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org