Bi egunetik behin, pertsona batek buruaz beste egiten du Euskadin

 

Nola lagun diezaiekegu sufrimendu egoeran daudenei?

Berrogei segundoro, munduan, norbaitek buruaz beste egiten du. Espainian, berriz, 2,5 orduro suizidatzen da norbait; eta Euskadin, bi egunetik behin.

Suizidioa gai tabua da, baina, errealitatean, naturaltasunez hitz egiteak, sufritzen ari den jendea entzuteak eta laguntzak bilatzeak bizitzak salbatzen laguntzen du.

Sufrimendu psikikoa pairatzen ari diren pertsonak badituzu inguruan, garrantzitsua da ondorengo alderdiak kontuan hartzea:

 

Kontuan hartzeko seinaleak

Batzuetan, buruaz beste egiteko nahia adierazten du pertsonak, baina badaude hitzezkoak ez diren seinaleak, kezka sortzeko modukoak. Pertsona batzuek, adibidez, suizidioarekin loturiko ideiei garrantzia kentzeko joera dute, modu esplizituan edo ez; eta euren burua suizidatu den pertsona batekin alderatzen dutenak ere badaude.

Bestalde, antzematen badugu arduratzen gaituen pertsona hori bere ondasun preziatuenak oparitzen hasten dela, zereginak amaitzen edo beharrezkoak ez diren arriskuak hartzen, susmatzen has gaitezke.

 

Nola lagundu

Horrela seinaleak ematen dituen pertsona bati laguntzeko aukera baduzu, gomendagarria da:

  • Suizidioaz argi hitz egitea
  • Entzuteko prest agertzea
  • Bere sentimenduak mahai gainean jar ditzan laguntzea
  • Pertsona ez epaitzea, bizitzaren balioari buruzko sermoirik ez ematea
  • Laguntza profesionala bilatzea
  • Senide eta gertukoen artean laguntza bilatzea
 

Pentsamendu suiziden aurrean nola jokatu

Pentsamendu suizidak baldin badituzu, kontuan izan honakoa:

  • Suizidioari buruzko pentsamenduak ez ezkutatu; profesional, senide edo lagun batengana, kezkatzen zaituen hori kontatzeko
  • Suizidio krisialdiak pasakorrak izan ohi dira
  • Etsipena gainditzeko gai ez zarela pentsatzen baduzu ere, gogoan izan krisialdiak ez direla amaigabeak
 

Sentsibilizazio kanpaina Euskadin

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira Estatu osoan gauzatzen ari den sentsibilizazio kanpainaren ardatza da suizidioaren prebentzioa. Urrian zehar, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen elkarteak kanpainarekin bat egin dute informazio, sentsibilizazio eta aldarrikapen ekintzen bitartez.

Salud Mental Españak aukeratutako leloak ‘Bizitzarekin bat egin’ helburu du buru osasunaren promozioa eta suizidioaren prebentzioa aldarrikatzea. Gainera, suizidioa modu transbertsalean jorratzeko eskaera egiten du, buru nahasmenduen prebentzioa, detekzioa, diagnostiko goiztiarra eta tratamendua landuz.

Kolektiboa artatzeko inplikazio handiagoa aldarrikatzeaz gain, gure babesa adierazi nahi diegu familiei. Bere buruaz beste egiten duen pertsonaren ahaideak atsekabe handia sentitzen dute, eta jokaera bera errepikatzeko arriskua dago. Hori dela eta, pertsona hauek dolua gainditzeko laguntza profesionala bila dezaten garrantzitsua da.

 

Suizidioaren datuak

Osasun publikoko arazo larria da suizidioa. Espainian, 2017. Urtean, 3679 pertsona hil ziren (2718 gizon eta 961 emakume), eta Euskadin 182 pertsona (136 gizonezko eta 46 emakume). Heriotza ez naturalaren lehen kausa da Espainian 15 eta 49 urte arteko pertsonen artean, eta trafiko istripuen oso gainetik dago. Gainera, bigarren heriotza kausa absolutua da, tumoreen atzetik, 15 eta 29 urte arteko pertsonen artean. Suizidiorako arriskua handitzen doa adinean gora egitearekin batera, batez ere gizonezkoen kasuan. Haien artean, suizidio tasa handitu egiten da 70 urtetik aurrera.

Azpimarragarria da, halaber, kasuen %90 buru osasun arazoekin lotua dagoela; eta horien artean, %70ak ez du osasun mentaleko sarean erregistrorik. Bestalde, %46k ez zekien horrelako arazorik zuenik.

 

Laguntza bilatu

Laguntza behar baduzu, gure elkarteetara jo dezakezu:

  • AGIFES (Gipuzkoa)
  • ASAFES (Araba)
  • ASASAM (Laudio eta Aiarako bailara)
  • AVIFES (Bizkaia)

Larritasun egoera baten aurrean, 112 zenbakira edo larrialdi zerbitzuetara deitu.

Horrez gain, Osasun Kontseiluan ere arreta emango dizute erizaintzako profesionalek: 900 20 30 50

 

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org