Pandemia garaian suizidioa prebenitzeko esfortzu handiagoa eskatu die Fedeafesek erakundeei

Bi egunetik behin, pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta COVID-19aren ondorioz heriotza-kopuruak gora egingo duenaren beldur da buruko osasun arazoa duten pertsona eta senide elkarteen euskal federazioa.

Pandemia garaian suizidioa prebenitzeko esfortzu handiagoa eskatu die Fedeafesek erakundeei. Bi egunetik behin, pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta bigarren heriotza-kausa da 15 eta 29 urte arteko gazteen artean. Adineko pertsonak ere arrisku-kolektibo garrantzitsua dira. Gainera, COVID-19ak eragindako zauri psikologikoen, itxialdien eta normaltasun berriaren ondorioz, heriotza-kopuruak gora egingo duenaren beldur da buruko osasun arazoa duten pertsona eta senide elkarteen euskal federazioa.

Testuinguru korapilatsu honetan, Fedeafesek beharrezkoa deritzo suizidioaren arazoari irmotasunez heltzea, prebentzioan, detekzioak, diagnostikoan, tratamenduan eta zaintzaren jarraitasunean oinarrituz. Era berean, euskal federazioaren presidente María Ángeles Arbaizagoitiak jakinarazi du suizidioa prebenitu daitekeela eta “gaiaz naturaltasunez hitz egin eta sufritzen ari denari entzuteak bizitzak salba ditzakeela”.

Irailaren 10ean, Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna dela eta, arazo hau prebenitzeko baliabide egokiak eskatu ditu Fedeafesek, baita buru osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien senideei laguntzeko ere, alderdi psikologikoa nahiz medikoa kontuan hartuz. Izan ere, estatistiken arabera, buruaz beste egiten duten pertsonen % 70 inguruk osasun mentaleko arazoren bat zuen, eta horietako asko ez zekien nahasmendua zuenik. Bestalde, horrelako egoera baten aurrean sufrimendu handia jasaten dute ingurukoek, eta, hortaz, “familiei babes psikologikoa ematea beharrezkoa” dela uste du Fedeafesek. 2019an suizidioaren prebentzio-estrategia onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta berau “garatzen jarraitu” behar dela azpimarratu du federazioak, “pertsona oro prebentzioan aliatua izan dadin, eta ez soilik adituak”, gaineratu dute.

Datuak

Suizidioa lehen kanpo heriotza-kausa da Euskadin (ez naturala), beste heriotza-arrazoi bortitzen gainetik; trafiko istripuak kasu.

Azken hamar urteotan, Osakidetzaren datuen arabera, 1.500 pertsonatik gora suizidatu dira EAEn; 169 pertsona urtero, bataz beste. Kasuen % 55 Bizkaian gertatzen dira; % 33, Gipuzkoan, eta gainerako % 12a Araban, gutxi gorabehera. Zehazki, 145 pertsona hil ziren horrela iaz (116 gizonezko eta 29 emakumezko).

Hain zuzen, aipagarria da gizonezkoen suizidio-kasuak emakumezkoen hirukoitza direla; norbere burua hiltzeko saiakerak, aldiz, maizagoak dira andreen artean.

Suizidioa prebenitu badaiteke ere, zifrak ez dira asko aldatzen urtetik urtera. Ez da gauza bera gertatzen ekidingarriak diren heriotza-kausa nagusietariko batekin; hau da, trafiko istripuekin. Izan ere, hilkortasuna nabarmen murriztu ahal izan da estatu-mailan gauzatutako prebentzio kanpainei eta gizarte osoaren ahaleginari esker.

Buru osasun arazoen inguruko informazioa edo laguntza behar duten pertsonek Fedeafesen barne dauden elkarteetara jo dezakete: Agifes (Gipuzkoan), Asafes (Araban), Asasam (Aiarako bailaran) eta Avifes (Bizkaian).

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org