Fedeafesek aldarrikatu du buru osasunean inbertitzea “inoiz baino beharrezkoagoa” dela, krisiak eragin arren
- Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, 3.000 familia elkartzen dituenak, erakunde publikoei eskatu die “osasun eta gizarte zerbitzuak mantentzea”.
- Fedeafesek uste du buruko nahasmenduen prebentzioan eta detekzio goiztiarrean inbertitzeak, baita pertsonen tratamendu integralean ere (psikoterapeutikoa, psikosoziala eta farmakologikoa), “gastu publikoan aurreztea” dakarrela.
- Osakidetzak 2011n argitaratutako txosten baten arabera, urtero buru osasun arazoak dituzten 80.000 pertsonari arreta ematen dio euskal osasun sareak
- Fedeafesek komunikabideentzako estilo gidaliburu bat aurkeztu du, estigma gainditzen lagun dezaten errazteko
Buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal elkarteek erakunde publikoei eskatu diete “buru osasunaren aldeko inbertsioa mantendu” dezatela, krisiak eragin arren. Osakidetzako datuen arabera, urtero buru osasun arazoak dituzten 80.000 pertsonari arreta ematen dio euskal osasun sareak.
Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Euskadiko elkarteak biltzen dituen federazioak, gaur goizean Arabako Foru Aldundian egindako prentsaurreko batean parte hartu du, Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira, ‘Inbertsio onena, zure buru osasuna’ lelopean. Ekitaldian izan da, halaber, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Marta Alaña eta Feadeafesen aldarrikapenekin bat egin du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jesús María Fernández erakundeen arteko elkarlana indartzeko beharraz mintzatu da, buru gaixotasuna duten pertsonei arreta soziosanitario hobea eskaini ahal izateko.
Euskadiko 3.000 familia baino gehiago biltzen dituen federazioko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak herritar eta instituzioei eskatu die “irmotasunez defendatu” ditzatela kolektibo honi egun eskaintzen zaizkion “osasun eta gizarte zerbitzuak”. Aditzera eman duenez, erakundeek aurrekontuekin zailtasunak izan arren, “inoiz baino beharrezkoagoa” da buru osasun arazoei arreta ematea. Era berean, buruko gaixotasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzeko programak sustatzea beharrezkoa dela jakinarazi du, lan egiteak pertsona hauei gizarteratzen eta bizitza normalizatua eramaten laguntzen baitie. Zoritxarrez, egun kolektiboaren %5k dauka lanpostu egonkorra Estatuan.
Arbaizagoitiak azaldu duenez, buruko nahasmenduen prebentzioa eta detekzio goiztiarra eta pertsona hauen tratamendu integrala (psikoterapeutikoa, psikosoziala eta farmakologikoa) posible egiten duten baliabideetan inbertitzeak “gastu publikoan aurreztea” ekarriko luke. Izan ere, apustu horrek “asko murriztuko lituzke partida garestienak: ospitaleratzeak, larrialdietako zerbitzuak eta sendagaiak”.
Egun aurreikus daitezkeen araudi aldaketei dagokienez, bi neurrirekiko kezka plazaratu du Fedeafeseko lehendakariak: medikamentuen kopagoa eta Mendekotasun Legean egindako aldaketek izan ditzaketen eraginak. Kolektiboak jada menpekotasunarekin loturiko laguntza ekonomikoak jasotzeko zailtasunak badauzka, ezintasun fisikoek psikikoek baino pisu gehiago baitaukate, azken arau horren erreformarekin oztopo gehiago eduki litzake.
Fedeafesen barne dagoen Arabako Asafes elkarteko presidente Carmen Rodríguezek azpimarratu du buru gaixotasunaren inguruko mito faltsuei aurre egiteko lanean jarraitzeko beharra dagoela. Zentzu horretan, estigma soziala eta diskriminazioa gainditzeko instituzioen arteko plan estrategiko bat garatzearen aldeko agertu da, 2009an landutako Euskadiko Buru Osasunaren Estrategiak dioenari jarraiki.
Osasun sailburuorde Jesús María Fernándezek azaldu ditu 2012an Eusko Jaurlaritzak hiru lurralde historikoetan emandako aurrerapausoak: zerbitzu berrien sorrera eta martxan daudenen berrantolaketa, eta beste erakunde batzuekin lortutako lankidetza hitzarmenak.
Marta Alaña diputatuak baieztatu du Arabako Foru Aldundia Gizarte Politikako aurrekontuak mantentzen ari dela. Hortaz, ziurtatu du buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi baldintzak hobetzeko inbertitzen jarraitzen duela entitate horrek, aurreko urteetan bezala.
Komunikabideentzako estilo gidaliburua
Kolektibo honi eragiten dioten aurreiritziak gainditu asmoz, Fedeafesek komunikabideen laguntza eskatu du, “buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzen laguntzeko ahalmen handia” baitaukate, transmititzen duten ikuspegiari esker. Hortaz, ‘Nola jorratu Buru Osasuna komunikabideetan’ izenburudun estilo gidaliburua landu du federazioak, uste okerrak deuseztatzeko. Izan ere, “gaixotasun mentala duten pertsonei asko sufriarazten diete mito horiek, eta sendatze prozesuan aurrera egiteko oztopo bilakatzen dira”.