Buruko osasun arazoa duten emakumeei eragiten dien “diskriminazio anizkoitzari aurre egiteko neurriak” eskatu ditu Fedeafesek

Kolektibo honek indarkeria-egoeren aurrean duen kalteberatasun handiaz ohartarazi du Fedeafesek

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko Federazioak adierazi du emakume hauen parte-hartzea bultzatu behar dela euren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko oinarrizkoak diren arloetan: enpleguan, prestakuntza-programetan eta baliabide okupazionaletan, besteak beste

Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, adierazi bezala, beharrezkoa da genero-ikuspegia barneratzea buruko osasun arazoak dituzten emakumeekiko esku-hartzean. Erakunde horretako presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiaren hitzetan, “emakume hauen parte-hartzea bultzatu behar da euren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko oinarrizkoak diren arloetan: enpleguan, prestakuntza-programetan eta baliabide okupazionaletan, besteak beste”.

Zentzu horretan, kolektibo honek gizartean jasaten duen “diskriminazio bikoitza” salatu du euskal federazioaren arduradunak: euren diagnostikoagatik eta emakume izateagatik pairatzen duten desberdintasun egoera, hain zuzen. Hori dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuz, errealitate horretaz ohartarazi nahi ditu administrazioak, baita emakume hauek indarkeriaren biktima izateko duten arriskuaz ere; eta egoera horiek ekiditeko behar adina neurri hartzeko eskatu du, azken urteotan aurkeztutako ikerketa-lanetan aditzera eman duen moduan.

Avifes, Agifes, Asafes eta Asasam elkarteak batzen dituen federazioak hainbat azterlan gauzatu ditu azken urteotan, gai anitzen inguruan: berdintasuna, emakumeen aurkako biolentzia, bizi-kalitatea eta enplegua. Andrazkoek bizi duten desparekotasun egoera aztertu nahi izan du Fedeafesek, eta baita emakume hauen aurkako indarkeria ere. Ikerketa horietan lortutako datuen arabera, Fedeafesetik jakinarazi dute kolektiboari zuzendutako zerbitzuak eta enplegu-baliabideak baliatzeko garaian, baita enplegu normalizatuan ere, alde nabarmena dagoela andrazkoen eta gizonezkoen artean: gizonezkoen kopurua bikoitza da, hain zuzen; eta gizarteratze eta laneratze baliabideetara bideratzen diren pertsonen artean ere antzeko mailan dago portzentaje hori.

Era berean, euskal federaziotik aldarrikatu dute emakumeen eta gizonen parekidetasuna jorratzen duten erakundeek beren politika guztietan kontuan izan ditzatela kolektibo honen behar espezifikoak eta horietara egokitu ditzatela euren baliabide eta zerbitzuak.

Emakumeak ahalduntzeko ekintzak

Kolektibo honek pairatzen duen kalteberatasun egoeraz kontzientziatzeko, emakume hauei informatzeko eta euren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Fedeades Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna’ orrialdean. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea ere abian jarri du kontzientziazio eta informazio lanari indar gehiago emateko.

Bestalde, bai Fedeafes eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira lanean emakumeak ahalduntzeko taldeko ekintzen eta andrezkoen nahiz profesionalen prestakuntzaren bitartez. Gainera, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen ditu maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen ditu.

Horrez gain, Zaballa espetxearekin kolaboratzen du Fedeafesek, kartzelaratuta dauden emakumeak ahalduntzeko, kolektibo bereziki zaurgarria baita indarkeria nahiz desparekotasun egoeren aurrean. Zentzu horretan, zenbait sentsibilizazio ekintza burutuko dituzte bihar emakume horiekin, eta berdintasunari buruzko eztabaida egingo dute ondoren.

Buruko osasun arazoak dituzten emakumeen desberdinkeria-egoeraren gaineko informazio gehiago dago www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunean, baita indarkeria-egoerekiko kalteberatasun mailari buruzko datuak ere.

 

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org