Buruko osasun arazoa duten emakumeei eragiten dien “diskriminazio bikoitzari aurre egiteko neurriak” eskatu ditu Fedeafesek
Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko Federazioak adierazi du emakume hauen parte-hartzea bultzatu behar dela euren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko oinarrizkoak diren arloetan: enpleguan, prestakuntza-programetan eta baliabide okupazionaletan, besteak beste
Kolektibo honen kalteberatasun egoeraz kontzientziatzeko lanean dihardu Fedeafes, baita buru gaixotasuna duten emakumeei informatzeko eta euren ahalduntzea sustatzeko ere
Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko Federazioak, adierazi bezala, beharrezkoa da genero-ikuspegia barneratzea buruko osasun arazoak dituzten emakumeekiko esku-hartzean. Mª Ángeles Arbaizagoitia presidentearen hitzetan, “emakume hauen parte-hartzea bultzatu behar da euren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko oinarrizkoak diren arloetan: enpleguan, prestakuntza-programetan eta baliabide okupazionaletan, besteak beste”.
Zentzu horretan, emakume hauek gizartean jasaten duten “diskriminazio bikoitza” salatu du euskal federazioaren arduradunak; euren diagnostikoagatik eta emakume izateagatik pairatzen duten desberdintasun egoera, hain zuzen. Hori dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuz, errealitate horretaz ohartarazi nahi ditu administrazioak, baita emakume hauek indarkeriaren biktima izateko duten arriskuaz ere, eta egoera horiek ekiditeko behar adina neurri hartzeko eskatu du.
Azken urteotan, Avifes, Agifes, Asafes eta Asasam elkarteak batzen dituen federazioak hainbat azterlan gauzatu ditu gai anitzen inguruan: berdintasuna, emakumeen aurkako biolentzia, bizi-kalitatea eta enplegua. Emakumeek bizi duten desberdintasun egoera aztertu nahi izan du Fedeafesek, eta baita emakume hauen aurkako indarkeria ere. Ikerketa horietan lortutako datuen arabera, Fedeafesetik jakinarazi dute kolektiboari zuzendutako zerbitzuak eta enplegu-baliabideak baliatzeko garaian, baita enplegu normalizatuan ere, alde nabarmena dagoela emakumeen eta gizonezkoen artean. Gizonezkoen kopurua bikoitza da, hain zuzen, eta gizarteratze eta laneratze baliabideetara bideratzen diren pertsonen artean ere antzeko mailan dago portzentaje hori.
Emakume zaintzaileak
Bestalde, emakume zaintzaileen egoeraz ere kontzientziatu nahi du Fedeafesek. Erakunde honek berdintasunaren inguruan egindako azterlanaren arabera, familiei zuzendutako zerbitzuetan gehienak emakumezkoak direla nabari da. Gainera, ikerlanak azpimarratzen duenez, buruko osasun arazoak dituzten emakumeei ere zaintzaile lanetan aritzea tokatu ohi zaie familian.
Fedeafeseko kideek diotenez, buru gaixotasuna duen pertsona bat etengabe zaintzeak osasun arazoak eragiten dizkie zaintzaileei laguntza nahikorik ez badute. Horregatik, atsedenaldiak edo zainketa-lanerako laguntzak eskaintzera zuzendutako baliabideak “nahikoak ez direla” baieztatu du federazioak.
Berdintasuna lortzeko gomendioak
Fedeafesek landutako berdintasunaren inguruko azterlanak azpimarratzen du buru gaixotasuna duten emakumeen jabekuntzarako tailerrak, ikastaroak eta taldeak antolatu behar direla, euren parte-hartze soziala eta laneratzea ahalbidetzeko. Senideei bideratutako prestakuntza-ekintzak ere beharrezkoak dira, nahasmendua duen familiartekoa gehiegi babes dezaten ekiditeko.
Gainera, euskal federaziotik aldarrikatzen dute emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten erakundeek euren politiketan kontuan izan ditzatela buru gaixotasuna duten emakumeen behar espezifikoak, eta baliabide eta zerbitzuak kasu horietara egokitu ditzatela.
Beste helburuetako bat da “emakume eta gizonezkoen parekidetasuna lantzen duten erakundeak sentsibilizatzea, buru gaixotasuna duten pertsonen zainketarako baliabide publikoak areagotzeko eta gizarte-erantzukizun partekatua indartzeko”.
Zainketarekin loturiko programetan gizonek parte har dezaten bultzatzea ere proposatzen dute. Zehazki, gizon taldeak sortzea eta, maskulinitate berrien ikuspegitik, zainketaren etikari lotutako balioak barnera ditzaten bultzatzea planteatzen dute.
Emakumeak ahalduntzeko ekintzak
Kolektibo honen kalteberatasunaz ohartarazteko, emakumeei informatzeko eta euren ahalduntzea sendotzeko helburuarekin, sentsibilizazio-lana gauzatzen ari da Fedeafes Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna‘ orriaren bidez. Gainera, gai honen inguruko webgunea argitaratuko dute laster kontzientziazio-lan honi zabalpen handiagoa emateko.
Fedeafesek nahiz bere barne dauden elkarteek buru-belarri dihardute emakumeen jabekuntzaren alde lanean, emakume-taldeen bidez, eurentzako eta profesionalentzako heziketa-programen bidez eta baita gizarte-sentsibilizazio ekintzen bidez ere, kolektiboaren gizarteratzea bultzatzeko xedez.
Bestalde, Zaballako espetxearekin elkarlanean ari da kartzelan dauden emakumeen jabekuntza sustatze aldera, desberdintasunarekiko eta indarkeriarekiko kolektibo bereziki kaltebera baita. Zentzu horretan, gaur eta bihar sentsibilizazio-ekintzak burutuko dira pertsona horiekin. Gaur, martxoak 7, Emakumeen Nazioarteko Egunaren jatorriari buruzko dokumentala ikusi eta eztabaida egingo dute zentroko gizonezkoek. Eta bihar, hilak 8, 29 emakumek hartuko dute parte ‘Invisibles’ dokumentalaren inguruko solasaldian. Ekintza hauek guztiek dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailaren, Lan eta Justizia sailaren eta Emakunderen babesa.