Buruko osasun arazoa duten emakumeen ahalduntzea bultzatzeko neurriak eskatu ditu Fedeafesek, kolektiboari eragiten dion “diskriminazio anizkoitzari aurre egiteko”

Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, adierazi bezala, beharrezkoa da genero-ikuspegia barneratzea buruko osasun arazoak dituzten emakumeekiko esku-hartzean. Erakunde horretako presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiaren hitzetan, “emakume hauen parte-hartzea bultzatu behar da euren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko oinarrizkoak diren arloetan: enpleguan, prestakuntza-programetan eta baliabide okupazionaletan, besteak beste”. Gainera, buruko osasun arazoak dituzten amei laguntza emateko baliabideak eskatu ditu, “amatasunaren eskubidea gauzatzeko aukera izan dezaten beharrezko babesekin”.

Zentzu horretan, kolektibo honek gizartean jasaten duen “diskriminazio anizkoitza” salatu du euskal federazioaren arduradunak: euren diagnostikoagatik eta emakume izateagatik pairatzen duten desberdintasun egoera, hain zuzen. Hori dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuz, errealitate horretaz ohartarazi nahi ditu administrazioak, baita emakume hauek indarkeriaren biktima izateko duten arriskuaz ere; eta egoera horiek ekiditeko behar adina neurri hartzeko eskatu du, azken urteotan aurkeztutako ikerketa-lanetan aditzera eman duen moduan.

Avifes, Agifes, Asafes eta Asasam elkarteak batzen dituen federazioak hainbat ikerketa gauzatu ditu azken urteotan, gai anitzen inguruan, EAEko egoera aztertzeko honako arloetan: berdintasuna, emakumeen aurkako biolentzia, bizi-kalitatea, enplegua eta, berriki, baliabide soziosanitarioen eskaintzaren analisia. Andrazkoek bizi duten desparekotasun egoera aztertu nahi izan du Fedeafesek, eta baita emakume hauen aurkako indarkeria ere. Ikerketa horietan lortutako datuen arabera, Fedeafesetik jakinarazi dute kolektiboari zuzendutako zerbitzuak eta enplegu-baliabideak baliatzeko garaian, baita enplegu normalizatuan ere, alde nabarmena dagoela emakumezkoen eta gizonezkoen artean: gizonezkoen kopurua bikoitza da, hain zuzen; eta gizarteratze eta laneratze baliabideetara bideratzen diren pertsonen artean ere antzeko mailan dago portzentaje hori.

Era berean, euskal federaziotik aldarrikatu dute emakumeen eta gizonen parekidetasuna jorratzen duten erakundeek beren politika guztietan kontuan izan ditzatela kolektibo honen behar espezifikoak eta horietara egokitu ditzatela euren baliabide eta zerbitzuak, baita pertsona hauei eskaintzen zaien arreta ere.

Emakumeak ahalduntzeko ekintzak

Kolektibo honek pairatzen duen kalteberatasun egoeraz kontzientziatzeko, emakume hauei informatzeko eta euren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Fedeades Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna‘ orrialdean. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea ere abian jarri du kontzientziazio eta informazio lanari indar gehiago emateko.

Bestalde, bai Fedeafes eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira lanean emakumeak ahalduntzeko taldeko ekintzen eta andrezkoen nahiz profesionalen prestakuntzaren bitartez. Gainera, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen ditu maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen ditu.

Horrez gain, Zaballa espetxearekin kolaboratzen du Fedeafesek, kartzelaratuta dauden emakumeak ahalduntzeko, kolektibo bereziki zaurgarria baita indarkeria nahiz desparekotasun egoeren aurrean. Zentzu horretan, zenbait sentsibilizazio ekintza burutuko dituzte gaur, martxoak 7, emakumearen eta osasunaren gaien inguruan.

Buruko osasun arazoak dituzten emakumeen desberdinkeria-egoeraren gaineko informazio gehiago dago www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunean, baita indarkeria-egoerekiko kalteberatasun mailari buruzko datuak ere.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org