Buru gaixotasuna duten emakumeen kontrako genero-indarkeriaz sentsibilizatzeko kanpaina abian jarri du Fedeafesek
“Buru gaixotasun larria edukitzeak genero-indarkeria sufritzeko arriskua nabarmen areagotzen du eta, aldi berean, horrelako egoerak pairatzeak nahasmendu psikikoa larritu egiten du”, adierazi dute Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federaziotik (Fedeafes), bihar izango den Genero Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira.
‘Fedeafeseko emakumeen eta gizonen arteko parekidetasun egoeraren diagnostikoa’ izenburudun azterlanean azaldu dute zeintzuk diren bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria jasateko aukerak areagotzen dituzten faktore nagusiak: euren testigantzari sinesgarritasun gutxiago ematea; gabezia emozionalen ondorioz parekideak ez diren harremanetan murgiltzeko joera handiagoa edukitzea; euren burua defendatzeko aukera gutxiago izatea; informazioa eta zerbitzuak eskura izateko zailtasun gehiago izatea, neurri batean gaixotasun beraren eta estigmaren eraginez; eta autoestimu eta onarpen sozial txikiagoa edukitzea, nahasmendua izateak sarritan dakarren gizarte-diskriminazioren ondorioz.
Fedeafesen azterlanak agerian uzten ditu buru osasunaren arloko profesionalek indarkeria-kasuak detektatu eta esku hartzeko dituzten zailtasunak. Prestakuntza nahikorik izan gabe, egoera horiek oharkabean pasa daitezke.
NOLA JOKATU
Genero-indarkeriari aurre egiteko bide gisa, “buru gaixotasuna duten emakumeen jabekuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa indartzea” beharrezkoa dela dio Fedeafesek, “indarkeria-egoerak identifikatzeko gai izan daitezen eta ez daitezen kulpadun sentitu”. Zentzu horretan, “bikotekide bortitzaren aukeraketan eragina duten maitasun erromantikoko ereduen berri” emango dute.
Beste lan-ildo bat administrazio publikoekin elkarlanean aritzea da, horrelako kasuak bideratzeko protokoloa lantzearren eta kolektiboko emakumeei zuzendutako zerbitzuak euren behar espezifikoei arreta emateko prestatuta egon daitezen bermatzeko.
Bestalde, Fedeafesek administrazio publikoei eskatzen die gaitz psikikoak dituzten eta genero-indarkeria jasaten duten emakumeengan oinarritutako azterlanak gauzatu ditzan.
SENTSIBILIZAZIO LANTEGIAK ZABALLAKO ESPETXEAN
Bortizkeria-egoerak ekidin asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu federazioak. Esaterako, buruko gaixotasuna duten eta kartzelan dauden emakumeei zuzendutako tailerrak. Saioak Zaballako espetxean egingo dira azaroaren 26an eta abenduaren 2an eta 9an. Parte-hartzaileek indarkeria-kasuak hautematen ikasiko dute, eta tratu egokian oinarritutako harremanak sortzeko jarraibideak eskainiko dizkie Alicia García Santos genero-berdintasuneko aholkulariak.
Horrez gain, Fedeafesek eskaintzen duen Presondegi Arretarako programaz arduratzen den Haizea de la Llosa psikologoak emakumeen jabekuntza eta autoestimua indartzeko eta emozioen adierazpena hobetzeko saioak zuzenduko ditu.
Halaber, federazioko profesionalei bideratutako prestakuntza-lantegiak antolatu dituzte, genero-indarkeria hautematen ikas dezaten. Gainera, kanpainaren informazio-liburuxkak banatuko dituzte Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikak sailaren eta Emakunderen laguntzarekin.