Fedeafesek buru nahasmendua duten emakumeek jasaten duten genero-indarkeria aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du

Genero-indarkeriaren arretan zerbitzu publikoek buru gaixotasuna duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak. Horregatik, kasu horiek gainditzeko laguntza psikologiko espezializatua eskatzen du, baita koordinazio handiagoa ere osasun mentaleko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen artean. 

Buru nahasmendua duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Hala adierazten du Fedeafesek iaz aurkeztutako ikerlanak. Azterlan horren arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k, noizbait bikote-harremana izan dutenen artean, jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen. Beste datu batzuen artean, buru gaixotasun larria duten emakumeen %26k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkagarria da kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.

Testuinguru horretan, indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du Fedeafesek, profesionalen prestakuntza kontuan hartuz, baita biolentzia-kasuen aurrean esku hartzeko eta deribazioak egiteko protokoloak landuz ere. Era berean, emakumeen babeserako baliabideetan kolektibo honetako andreei harrera bermatzea eskatu die euskal federazioak erakunde publikoei.

Errealitate horri aurre egiteko burutako ekintzen artean, Fedeafesek bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Ekimen honen barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko orria ere. Horrez gain, Espainiako Buru Osasunaren konfederazioak sustatutako #NosotrasSíContamos kanpainarekin bat egin du euskal federazioak, kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko. Zehazki, Fedeafeseko berdintasun arloko bi emakume agertzen dira kanpainako bideoan. Batetik, Mª Isabel García Peñak azpimarratu du “emakumeon beharretara egokitutako arreta jasotzeko beharra” dagoela eta Fedeafeseko presidente Mª Ángeles Arbaizagoitiak nabarmendu du ezinbestekoa dela “gizartea eta profesionalak sentsibilizatzeko eta prebentzioa lantzeko kanpainak egitea, baita kolektiboko emakumeak ahalduntzeko kontzientziazio ekintzak burutzea ere. Era berean, “lantalde profesionalentzako laguntza gehiago eskatu du, indarkeria hautemateko gaitasunak landu ditzaten”.

Emakumeenganako indarkeriari buruzko azterlana

Fedeafesek landutako eta Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlanak azaleratu du indarkeria jasatearen eta buru gaixotasun larria izatearen artean harreman nabarmena dagoela. Horrez gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buruko osasun arazo larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea. 

Zentzu horretan, Fedeafesek gogorarazi du 2017an Eusko Legebiltzarrak buru osasunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuela, talde parlamentario guztien babesarekin. Euskal Ganberak kezka berezia adierazi zuen “genero-indarkeria pairatzen duten eta buruko gaixotasunak dituzten emakumeengatik”. Horregatik, onartutako deklarazioan administrazioei eskatu zien “zain dezatela kolektibo hori” eta “bere beharrei erantzun egokia eman diezaiotela”.

Kolektiboa hobeto artatzeko proposamenak

Ikerketaren ondorio gisa, genero-ikuspegitik lan egitea proposatu du Fedeafesek. Gainera, emakumeei bideratutako arreta psikologikoko zerbitzuak eta harrera-etxeak buruko osasun arazoak dituzten emakumeen beharretara egokitzea eskatu du. Era berean, zerbitzu publikoen arteko koordinazio egokia bermatzearen alde apustu egin du Fedeafesek.

Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, Fedeafes emakumeak, gizonezkoak eta profesionalak trebatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeria kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko.

Profesionalak sentsibilizatzeko gida

Buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida landu du Fedeafesek. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta buru gaixotasunaren arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko.

Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak. Edozein kasutan, ikerlanaren arabera, ingurune seguruan dauden emakumeak gai dira bizi izan dituzten bortxakeriak naturaltasunez kontatzeko. Halaber, behar bezala entzungo dieten profesionalak eta beharrezko babesa topatuz gero, abusuzko egoera horiek lantzeak efektu terapeutikoa duela dio.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org