Fedeafesek buru gaixotasuna duten emakumeek jasaten duten genero-indarkeria aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du
-
Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak kolektibo honen behar espezifikoei egokitzeko eskatu die zerbitzu publikoei
-
Fedeafesek azken bi urteotan eginiko ikerketa batek agerian utzi du bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko arriskua bikoiztu edota hirukoiztu egiten dela biktimak buru gaixotasun larriren bat badu
Genero-indarkeriaren arretan zerbitzu publikoek buru gaixotasuna duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak. Horregatik, kasu hauek gainditzeko laguntza psikologiko espezializatua eskatzen du, baita koordinazio handiagoa ere osasun mentaleko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen artean.
Federazioak 2015ean eta 2016an landu duen ikerketak agerian utzi du bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko arriskua bikoiztu edota hirukoiztu egiten dela biktimak buru gaixotasun larriren bat badu. Ikerlanak nabarmentzen du buru gaixotasun larria duten emakumeen %80 inguruk indarkeri psikologikoa, fisikoa edota sexuala jasan duela bikotekideak eraginda euren bizitzako uneren batean. Gainera, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen.
Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlan honetan parte hartu dute buru gaixotasuna duten emakume multzo batek eta genero-indarkeriaren eta buru osasunaren arreta-alorreko hainbat profesionalek, baita hiru foru aldundietako, zenbait udaletako, Osakidetzako, Emakundeko eta Eusko Jaurlaritzako indarkeria sailetako arduradunek ere. Azterlanean ondorioztatu dute indarkeriaren eta buru gaixotasun larriaren arteko harreman nabarmena dagoela. Horretaz gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buru gaixotasun larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea.
Ikerlanak ere agerian utzi du, buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, urrakortasuna areagotu dezaketen gizarte eta egitura faktoreak, bereziki, hauexek direla: buru gaixotasunaren estigma bera, bakardadea eta isolamendua sortzen duena, eta pertsona horren istorioaren sinesgarritasun eskasa. Era berean, kolektibo honetan maiz ematen den enplegu eta baliabide ekonomikoen gabeziak ere badu eraginik.
Buru gaixotasuna duten emakumeen urrakortasuna areagotzen duten faktoreen artean, euren burua defendatzeko baliabiderik ez izatea, autonomia falta eta beste pertsonekiko menpekotasuna izatea dago. Egoera zailtzen du ere autoestimu gutxi izateak edota bikotekidea edukitzeko zailtasunak izatea, horrek harreman desegoki gehiago izatera eraman baitezake.
Bestalde, ikerlanean buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeri arriskua murrizten duten faktoreak ere aipatzen dira; besteak beste, lagun zaitzakeen sare soziala izatea, enplegua edukitzea eta pobrezia egoeran ez egotea.
Ikerketaren ondorio gisa, Fedeafesek proposatzen du indarkeria jasan duten edo egun jasaten ari diren eta buru gaixotasun larria duten emakumeei bideratutako arreta psikologikoko zerbitzu espezializatua sortzea. Era berean, zerbitzu publikoen arteko koordinazio egokia bermatzearen alde apustu egin du Fedeafesek, eta indarkeria prebenitzeko eta emakumeen ahalduntzea lortzeko taldeko esku-hartzea egitea aholkatu du, baita gizonekin lan egitea ere, maskulinotasun berrien ikuspuntutik.
Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, Fedeafes emakumeak eta profesionalak trebatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeri kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko.
Zentzu horretan, indarkeria hautemateko prestakuntza-tailerrak gauzatu dira, eta aurten maitasun erromantikoa desmuntatzeko saioak egin dira Euskadin zehar. Horrela, parte-hartzaileek ikasi ahal izan dute zer nolako loturak dauden maitasuna ulertzeko mito horien eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Halaber, emakumeak ahalduntzeko eta gai honen inguruan sentsibilizatzeko Facebookeko orria jarri du martxan Fedeafesek duela hilabete gutxi, y laster xede bera duen webgunea argitaratuko du.