Arlo sozio-sanitariotik buru gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea sustatzearen alde agertu da Fedeafes
-
Nahasmendu psikikoa duten pertsonen bizi-kalitateari buruz FEDEAFESek egindako bi azterlanen emaitzak positiboki baloratu ditu Eusko Jaurlaritzak
-
Osasun sailburu Jon Darpónek “gizarte barneratzaileagoa” sortzearen alde apustu egin du, eta buru osasuna “guztioi dagokigun gaia” dela gogorarazi du
-
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak pertsonen gaitasunak garatzean garrantzia azpimarratu du, estigmari eta diskriminazioari aurka egiteko estrategia moduan
FEDEAFESek nahasmendu psikikoa duten pertsonen bizi-kalitateari buruzko bi azterlan aurkeztu ditu gaur, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Ikerketak EDE Fundazioak gauzatu ditu, eta Agifes, Asafes eta Asasam elkarteek ere parte hartu dute garapenean. Profesionalen nahiz buru gaixotasuna duten pertsonen ikuspegiak barne hartu dituzte txosten biek.
Azterlanen emaitza nagusiak aurkeztu dituzte gaur Gasteizen, eta gaixotasun mentala duten pertsonen bizi-kalitatea neurtzen duten faktoreak ezagutarazi dituzte, bai pertsonalak bai testuingurukoak. Pertsona hauekiko arreta hobetzeko proposamen moduan, honakoak azpimarratu dituzte: esku-hartze goiztiarra; enplegua sustatzeko baliabideak areagotzea; emakumeei arreta berezia eskaintzea; aisialdi eta denbora libreko programak bultzatzea, buru gaixotasuna duten pertsonen sare sozial informala indartzeko; eta arlo ezberdinetako profesionalen arteko topaguneak sustatzea.
Jardunaldiaren inaugurazioan, Osasun sailburu Jon Darpónek Fedeafesek landutako txostenak txalotu ditu, eta Gobernuaren jarduera bideratzeko erreminta baliagarriak direla nabarmendu du. Ikerlanen emaitzei dagokienez, Darpónek gogorarazi du buru gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatean eragin garbia duela gainontzekoek eurekiko duten ikuspegia. Hori dela eta, estigmaren eta diskurtso baztertzaileen aurka lanean jarraitzea ezinbestekoa dela esan du. “Buru osasuna guztioi dagokigun gaia da”, gaineratu du.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak aditzera eman du arlo sozio-sanitario eta terapeutikoak bizi-kalitatea areagotzera bideratu behar duela bere jarduna. Gizarte-politiken diseinurako, horrelako jardunaldiak oso erabilgarriak direla onartu du, eta buru gaixotasuna duten pertsonei nahiz senideei gomendatu die “pertsona guztien gaitasunak” garatzearen alde egitea, estigmari eta diskriminazioari aurka egiteko estrategia moduan.
Fedeafesek eta bere elkarteek bizi-kalitatearen ikuspegia barneratu nahi dute buru gaixotasuna duten pertsonak artatzera zuzendutako zerbitzu eta programetan. Azterlanek plazaratutako gomendioen artean aipatu dituzte, besteak beste, senideei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza eta sentsibilizazioa indartzea, baita kolektiboari bideratutako programa psikohezitzaile komunitarioak garatzea ere.