Fedeafesek buru gaixotasuna duten emakumeek jasaten duten genero-indarkeria aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du
-
Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak kolektibo honen behar espezifikoei egokitzeko eskatu die zerbitzu publikoei
-
Fedeafesek eginiko ikerketa batek agerian utzi du bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko arriskua bikoiztu edota hirukoiztu egiten dela biktimak buru gaixotasun larriren bat badu
Fedeafes, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, genero-indarkeriaren arretan zerbitzu publikoek buru gaixotasuna duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du. Horregatik, kasu hauek gainditzeko laguntza psikologiko espezializatua eskatzen du, baita koordinazio handiagoa ere osasun mentaleko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen artean.
Federazioak 2015ean abian jarritako ikerketak agerian utzi du bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko arriskua bikoiztu edota hirukoiztu egiten dela biktimak buru gaixotasun larriren bat badu. Ikerlanak nabarmentzen du, buru gaixotasuna duten emakumeen kasuan, bikotea izan dutenen %80 inguruk indarkeria psikologikoa, fisikoa edota sexuala jasan duela euren bizitzako uneren batean.
Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlan honetan parte hartu dute genero-indarkeriaren eta buru osasunaren arreta-alorreko buru gaixotasuna duten emakumeek eta profesionalek, eta indarkeriaren eta buru gaixotasun larriaren arteko harreman nabarmena baieztatu dute. Horretaz gain, ondorioztatu dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buru gaixotasun larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeri mota gertatzeko posibilitatea.
Ikerlanak ere agerian utzi du, buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, urrakortasuna areagotu dezaketen gizarte eta egitura faktoreak, bereziki, hauexek direla: buru gaixotasunaren estigma bera, bakardadea eta isolamendua sortzen duena; eta pertsona horren istorioaren sinesgarritasun eskasa. Era berean, kolektibo honetan maiz ematen den enplegu eta baliabide ekonomikoen gabeziak ere badu eraginik.
Buru gaixotasuna duten emakumeen urrakortasuna areagotzen duten faktoreen artean, euren burua defendatzeko baliabiderik ez izatea, autonomia falta eta beste pertsonekiko menpekotasuna izatea dago. Egoera zailtzen du ere autoestimu gutxi izateak edota bikotea edukitzeko zailtasunak izatea, horrek harreman desegoki gehiago izatera eraman baitezake.
Bestalde, ikerlanean buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeri arriskua murrizten dituzten faktoreak ere aipatzen dira; besteak beste, lagun zaitzakeen sare soziala izatea, enplegua edukitzea eta pobrezia egoeran ez egotea.
Ikerketaren ondorio gisa, Fedeafesek proposatzen du indarkeria jasan duten edo egun jasaten ari diren eta buru gaixotasun larria duten emakumeei bideratutako arreta psikologikoko zerbitzu espezializatua sortzea. Era berean, indarkeria prebenitzeko taldeko esku-hartzea egitea eta emakumeen ahalduntzea lortzea aholkatzen du ikerlanak, baita gizonekin lan egitea ere, maskulinotasun berrien ikuspuntutik.
Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, emakumeak eta profesionalak formatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeri kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko.