Gizarte-urruntze garaietan buru osasuna zaintzearen garrantziaz ohartarazi du Fedeafesek

 
 
  • Buru osasuneko arazoak dituzten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko Federazioak ‘Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu’ sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian, gaur egungo egoerak pertsonengan sor ditzakeen isolamendua eta ondorio psikologikoak saihesteko, hala nola antsietatea eta depresioa.
  • Urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Fedeafesek bat egin du Estatuko buru osasunaren konfederazioaren aldarrikapenekin. Besteak beste, buru osasunean inbertitzeko premia helarazi nahi die erakunde publikoei, eta herritarren beharrei erantzuteko baliabide eta profesional kopuru nahikoa bermatzeko eskatu diete.

Gizarte-urruntze garaietan buru osasuna zaintzearen garrantziaz ohartarazi du Fedeafesek. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko Federazioak ‘Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu’ sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian, urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Ekimen honen helburua da, hain zuzen, egungo pandemia-egoerak eragin dezakeen isolamendua haustea, testuingururen ondorioz agertu edo indartutako antsietate edo depresio sintomak dituzten pertsonak laguntza eskatzera animatuz.

Egoera soziosanitarioak larriagotzen dituen buru osasuneko arazoei aurre egiteko, Fedeafesek laguntza bilatzera bultzatzen ditu beharra duten pertsonak, gertuen duten elkartera hurreratuz: Agifes (Gipuzkoa), Asafes eta Asasasam (Araba), eta Avifes (Bizkaia).

Halaber, Fedeafesek bat egin du Estatuko buru osasuneko konfederazioak antolatutako kanpainarekin, ‘Buru osasuna eta ongizatea, lehentasun globala’ goiburupean. Estatuko elkarte-mugimenduak buru osasunean inbertitzeko premia helarazi nahi die erakunde publikoei, baita herritarren beharrei erantzuteko baliabide eta profesional kopuru nahikoa aldarrikatu ere. Garrantzitsua da gogora ekartzea Estatuan desabantaila-egoera dagoela buru osasuneko baliabideei dagokienez; izan ere, Psikologia Klinikoko profesionalen ratioa (6) Europako batez bestekoa (18) baino hiru aldiz txikiagoa da 100.000 biztanleko.

Bestalde, OMEren arabera, lau pertsonatik batek buru osasuneko arazoa izan du, dauka edo izango du, eta aurreikuspenen arabera, 2030 urterako mota horretako patologiak izango dira ezgaitasun arrazoi nagusietarikoa munduan. Gainera, Osakidetzak emandako datuen arabera, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta gizonen % 9k eta emakumeen % 17k antsietate edota depresio sintomak dituzte.

Pandemiak ondorio garrantzitsuak ditu osasunean, gizartean, ekonomian, lanean eta pertsonengan, eta faktore horiek eragin zuzena eta garrantzitsua dute biztanleriaren buru osasunean, bai aurretik osasun arazoren bat zuten pertsonengan, bai arazo hori garatzeko arriskuan daudenengan. Antsietatea, beldurra, bakardadea, distantzia soziala, murriztapenak, estresa eta ziurgabetasuna handitu egin dira azken hilabeteetan.

Fedeafeseko elkarteek laguntza eskaintzen diete mota horretako esperientziak bizi dituzten pertsona eta familiei, koronabirusaren aurkako segurtasun-neurri guztiak betez. Mari Ángeles Arbaizagoitia federazioko presidenteak dioenez, “garrantzitsua da gizartea kontzientziatzea; ondoez psikikoa duten pertsonei laguntza eman behar zaie, batez ere, ziurgabetasun-garai hauetan, oso zaila baita gaizki dagoenarentzat egoerari bakarrik aurre egitea. Laguntza duzula jakiteak aurrera egiteko motibazioa ematen dizu”. Euskal federazioak azpimarratu nahi du bere elkarteek konfinamendu-asteetan egin duten arreta-lan handia, eta nabarmendu nahi du gaur egun lan berbera egiten jarraitzen dutela buru osasuneko arazoak dituztenei eta senideei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko.

Txostena irakurri

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org