Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen laneratzea sustatzea eskatu die Fedeafesek erakundeei
-
Buru Osasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginik, Fedeafesek kolektibo honetako senideen lana eskertu du, eta administrazioei eskatu die buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzean gehiago inplika daitezela
-
Arartekoa eta Eusko Jaurlaritzako zein Arabako Diputazioko hainbat ordezkari Fedeafesen ondoan egon dira gaur buru osasunarekin duten konpromisoa azaltzeko
-
Prentsaurrekoaren ondoren, Euskadiko buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen federazioaren barne dagoen Asafesek pintura erakusketa inauguratu du, Arabako elkarte honen 40. urteurrena ospatzeko
Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, adierazi du gaur buruko osasun arazoak pertsona guztien erantzukizuna direla, eta nahasmendu psikikoa duten pertsonak “gizartean era duinean bizitzeko eta garatzeko” baliabide gehiago ematea eskatu die instituzioei. Buru Osasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginik Gasteizen gauzatu den ekitaldian, erakundeetako eta kolektibo sozialetako hainbat ordezkari bildu dira 9.000 pertsona eta 3.000 familia barne hartzen dituen Fedeafesekin batera.
Fedeafeseko presidente Mari Ángeles Arbaizagoitiaren hitzetan, “buru osasunaz eta buruko nahasmenduez naturaltasunez hitz egiteko garaia da”, horien ikuspegi soziala normalizatu ahal izateko. Halaber, aipatu du azken hamarkadetan familiek bereganatu dutela gaixotasun mentala duten pertsonen zaintza, “administrazio publikoek estaltzen ez zituzten beharrei erantzuna emanez”. Ildo horretatik, kolektibo honen jabekuntza lortzeko bide egokiena laneratzea dela esan du, eta pertsona hauek lana topatzeko zailtasun gehien dutenak direla erantsi du. Zehazki, nahasmendu mentala duten pertsonen %5k du lanpostu iraunkorra.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Guillermo Viñegrak Asafes zoriondu du bere 40. urteurrenagatik, eta gogorarazi du Euskadin nahiz espainiar Estatuan sortutako lehen elkartea dela kolektibo honen inguruan. Asafes fundatu zuten familien ausardia azpimarratu du Viñegrak, garai hartan ospitale psikiatrikoak eta benefizentzia baitziren babes bakarrak. Eta egiteko asko falta den arren, azken hamarkadetan aurrera egin dela nabarmen esan du: “Egun, buru osasuna arlo sanitarioaren eta soziosanitarioaren ardatz nagusietakoa da”.
Horrez gain, Manuel Lezertua arartekoak adierazi du buruko osasun arazoa duten pertsonek arreta berezia merezi dutela, kolektiboaren zaurgarritasuna dela eta. Pertsona hauek euren eskubideak ezagutzearen garrantziaz aritu da, eta erakundeek kolektiboa ahalduntzeko esfortzua egitea aldarrikatu du, kolektiboak gizartean modu “erreal eta eraginkorrean” parte har dezan lortzeko.
Marian Olabarrieta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak ere Fedeafeseko presidentearekin bat egin du kolektibo honen laneratzea bultzatzearen garrantzia azpimarratuz. Olabarrietak iragarri du lan-munduratzea erronka eta lehentasuna dela Diputazioarentzat, “ezin baita gizarteratze osoaz hitz egin lana kontuan hartzen ez bada”.
Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak nabarmendu du gizarteak babestu eta lagundu egin behar dituela kolektibo zaurgarrienak. Zentzu horretan, elkarteen ezinbesteko lanari erreparatu dio, eta gizarteratzearen bidea “elkarrekin jorratzeko” deia egin du.
Bestalde, Fedeafeseko ‘En Primera Persona’ batzordeko ordezkariek Buru Osasunaren Nazioarteko Eguneko adierazpena irakurri dute. Kolektiboak aurrez aurre dituen oztopo ikusezinez mintzatu dira: euren bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko zailtasunak, lan-diskriminazioa edota ulertuak ez izatea, besteak beste.
Asafesen erakusketa
Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Asafes elkarteak bere 40. urteurrenaren ospakizunei hasiera eman die. Arabako entitate horretako presidente Lucía Peñak inauguratu du elkarteko kideek gauzatutako artelanen erakusketa. “Duela lau hamarkada, atsekabea gaindituz, gizarteari kolektiboaren beharrak jakinarazteko oihuka hasi ziren emakume eta amen lana” eskertu nahi izan du Peñak.
Era berean, Fedeafes osatzen duten lau elkarteek (Agifes, Asasam, Asafes eta Avifes) egunotan informazio eta sentsibilizazio ekintza ugari burutzen ari dira, buruko nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatze aldera.
Ispilu sinbolikoa
Jardunaldi honetan, ekintza sinboliko berezia izan da, “Zu bezalakoa naiz oraindik ez badakizu ere” leloaren harira. Ispilu baten itxurak egiten zituen marko baten alde bietan jarri dira bi boluntario, “isla” horren argazkiak ateratzeko. Ekimen horren bidez, pertsona batentzat garrantzitsua dena beste batentzat ere badela jakinarazi nahi izan da, desberdintasunak desberdintasun. Argazki horiek sare sozialen bidez zabalduko dira egitasmoaren hedapena biderkatzeko.
Buru Osasunaren Nazioarte Egunaren txostena kontsultatu