Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna
Urriaren 10ean ospatzen da urtero Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna, Osasun Mentalaren Munduko Federazioak arazo psikikoak dituzten pertsonen beharrak ikusarazteko sortu duen jardunaldia. Egun hori dela eta, Fedeafesek ekitaldi instituzionala egingo du, hilaren 10ean bertan, Gasteizko El Pilar zentro zibikoan 12:00ean. Erakunde publikoetako ordezkariak izango dira bertan, baita Fedeafesen barne dauden entitateetako hainbat lagun ere.
Kolektiboaren egungo egoeraz gogoeta egin eta aldarrikapenak plazaratzeko aukera aprobetxatuko du Fedeafesek. Gainera, ordezkari instituzionalek hitz egin ondoren, buruko osasun arazoak dituzten hainbat pertsonek Estatuko elkarte-mugimenduak landutako adierazpena irakurriko dute. ‘Zu bezalakoa naiz oraindik ez badakizu ere’ lelopean, buruko gaitzek guztioi eragiten digutela jakinarazi nahi du Fedeafesek, baita pertsona guztiok desberdintasun baino antzekotasun gehiago ditugula ere. Esate baterako, guztiok burutu nahi dugu geure bizi-proiektua, eta gizarteari ekarpena egin ere bai.
Hizketaldiaren ondoren, Asafesen, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Arabako elkartearen, 40 urteko historia gogora ekartzen duen erakusketa inauguratuko dute zentro berean.
Jarduerak hilabete osoan zehar
Urriaren 10eko jardunaldiaren harira, Fedeafesen kide diren elkarteek ekintza ugari antolatu dituzte hilabete osorako. Besteak beste, 22an, Gasteizen elkartuko dira euskal entitate hauetako kideak, elkarrekin eguna ospatu, bapo bazkaldu eta dantzatzeko.
Fedeafes federazioaren barne, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal elkarteak daude: Agifes Gipuzkoan, Asafes eta Asasam Araban, eta Avifes Bizkaian.
Urriko egitaraua kontsultatu