FEDEAFESEN ADIERAZPENA ‘MANICOMIO’ IKUSKIZUNAREN HARIRA

‘Manicomio’ antzezlanarekiko haserrea adierazi nahi du Fedeafesek, eta ‘Circo de los Horrores’ konpainiak buru gaixotasunaren inguruan transmititzen duen irudi desitxuratua salatzen du

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, Fedeafesek, ‘Circo de los Horrores’ konpainiaren ‘Manicomio’ antzezlanak transmititzen duen buru gaixotasunaren irudi desitxuratuarekiko haserrea adierazi nahi du. Hainbat lurraldetan eskaintzen ari diren ikuskizuna Bilbon ere izan da ekainaren 1 eta 4 artean.

XVIII. mendeko eroetxe ilun eta ahaztu batean girotutako emankizuneko protagonista diren akrobata, trapezista, bakarrizketagile eta malabaristek paziente eta osasun-langile rolak hartzen dituzte. Horrela, buru gaixotasunaren eta kolektiboko pertsonen irudi desitxuratua eskaintzen dute, aurreiritzi eta uste okerretan oinarritutako pazienteak erakutsiz, lotuta dauden pertsona arriskutsu edo irainak jasaten dituzten pertsonaia gisa irudikatuz. Edozein lan artistikoren sormen askatasunetik haratago, buru gaixotasunaren ikuspegi hori transmititzearen ardura azpimarratu nahi du Fedeafesek: kolektiboaren diskriminazioa indartzen du eta, ondorioz, pertsona hauen eskubideak urratzen ditu.

Gainera, ikuskizunean zehar pertsona hauek zoro moduan agertzen dira, ekintza bihozgabeak gauzatzeko eta ikara sortzeko gai. Hori dela eta, antzezlan horrek buru gaixotasuna duten pertsonen duintasuna, irudia eta ohorea erasotzen ditu.

Buru nahasmenduari ezegonkortasuna eta arriskugarritasuna egoztea, okerra izateaz gain, are larriagoa da buru osasuna modu hain arduragabean irudikatzeagatik espazio publikoan. Gure ustetan, espazio kultural eta artistikoek eragin handia dute iritzi publikoan eta imajinario sozialean. Kasu honetan, gainera, obraren publikoa gehienbat gazteak dira, eta ikusle ugari adin txikikoak dira.  

Fedeafesen aburuz, ikuspegi horrek morboa eta estigmak elikatzen ditu, besteen sufrimenduaren kontura diru-etekinak lortzeko helburuarekin. Hortaz, emanaldiak bertan behera uzteko eskatzen dugu, diskriminazioa sustatu, estigma areagotu eta buru gaixotasuna duten pertsonen eskubideak urratzen dituelako.

Ikuskizun honekiko kezka ez da gauza berria, urteak baitaramatzate berau eskaintzen nahiz eta aldaketa batzuk egin dituzten salaketen ondorioz. Arduradunek antzezlanean erabiltzen ziren adjektibo batzuk aldatzea onartu zuten 2012an, eta jakinarazpen bat barneratu zuten ikuskizunaren hasieran fikzioa zela eta buru gaixotasuna estigmatizatzeko helbururik ez zuela azpimarratzeko.

Urte hartan, buru osasunaren arloko elkarteok keinu positibo moduan ikusi genuen antzezlanaren arduradunek egindakoa. Buru gaixotasuna duten pertsonen egoeraz eta bizi duten diskriminazioaz informatu zitzaien, jasan behar dituzten aurreiritzi eta estereotipoez; eta aholkularitza jaso zuten. Horrela, elkarteok ulertu genuen ikuskizun hori ezjakintasunetik sortua izan zela. Baina, zoritxarrez, berriro jarri duten abian eta edukiak onartezina izaten jarraitzen du, gure ustez.

2017an, aurretik jaso duten informazio guztiarekin, ikuskizun berbera eskaintzen ari dira. Horregatik, iritzi dugu intentzio osoz ari direla buruko osasun arazoa duten pertsonen irudia erabiltzen, kolektiboarengan duen eraginari jaramonik egin gabe eta diskriminazioa eta eskubide-urratzea dakarten estereotipoak bultzatzen. Gure ustez badaude antzezlan artistiko, komertzial eta erakargarria lantzeko beste modu batzuk, desgaitasuna duten pertsonei eraso egin gabe.

Azken urteotan entitate ugarik salatu dutenaren arabera, patologia psikiatrikoa eta pertsonak artatzeko baliabide sanitarioak irudikatzeko moduak eragin negatiboa izan dezake gizarteak buru gaixotasunaren inguruan duen ikuspegian. Eta are gehiago, antzezlanak erakusten dituen aurreiritzi eta ezjakintasunak buru nahasmendua duten pertsonen bizipenean eragina izan dezake.

Hori guztia dela eta, Fedeafesek administrazio publikoei esku har dezaten eskatzen die, horrelako ikuskizunek NBEren Konbentzioan jasotako desgaitasunaren inguruko araudia errespeta dezaten. 2008tik indarrean dagoen legeak neurri eraginkor eta lasterrak hartzera bultzatzen ditu Estatuak, desgaitasuna duten pertsonekiko estereotipoak, aurreiritziak eta jardunbide kaltegarriak galarazteko. Era berean, Ikuskizun Publikoen eta Aisialdi Jardueren lege autonomikoak, abenduaren 23ko 10/2015 arauak, seigarren artikuluan, honako ikuskizunak debekatzen ditu: biolentzia, arrazakeria, xenofobia, sexismoa edo bestelako diskriminazio moduak sustatzen dituztenak, edo giza duintasuna erasotzen dutenak. Kasu honetan uste dugu antzezlanak diskriminazioa bultzatzen duela eta buru gaixotasuna duten pertsonen duintasunari kalte egiten diola, erasokorrak diren edo irainak jasaten dituzten pertsona moduan aurkezten baititu.

Bestalde, buru gaixotasunaren inguruko estigmaren ondorioak aurkeztu zituen Fedeafesek 2014an, ‘Estigma soziala EAEn buru gaixotasuna duten pertsonen artean‘ ikerlanarekin. Dokumentu horrek eskatzen zuen eragile guztiak elkartuko dituen mahaia sortzea, buru gaixotasuna duten pertsonen eskubideen diskriminazioa jorratzeko eta horrelako ikuskizunak ekiditeko.

Obra honen aurka azaldu diren elkarte ugariekin bat egin nahi du Fedeafesek: Salud Mental España konfederazioa (300 elkarte baino gehiago barneratzen dituena), Salud Mental Andalucía, Unión Madrileña de Salud Mental, Buru Osasunaren Aragoiko Federazioa, Kataluniako estigmaren aurkako Obertament plataforma, Ascasam, Fundación Mananatial, Andaluziako En Primera Persona Federazioa, baita osasun profesionalen elkarte ugari ere; Aragoi eta Errioxako Psikiatria Elkartearen baitan dagoen buru gaixotasuna duten pertsonen tratu duinaren aldeko behatokia eta osasun mentaleko erizaintza foroa, besteak beste. Horiek guztiek ikuskizuna arbuiatu dute, buru gaixotasuna duten pertsonak eta arlo honetan lan egiten duten profesionalak estigmatizatzen dituela uste dutelako. Halaber, desgaitasunaren alorreko entitateek ere adierazpenak egin dituzte: CERMI Aragón, CERMI Madrid, CERMI Cantabria eta CERMI Andalucía. Antzezlanaren inguruko posizionamendua, beraz, ahobatezkoa izan da lurralde guztietan.

Adierazpen honek EDEKAren, desgaitasuna duten pertsonen ordezkarien euskal koordinakundearen, babesa du.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org