‘Ez dakit nola esan’, haur eta gazteen buru osasun arazoak prebenitzeko eta kudeatzeko kanpaina

OMEren arabera, buru gaixotasunen erdiak 14 urte bete aurretik hasten dira, baina kasu gehienak ez dira detektatzen, ezta tratatzen ere. Gainera, erakunde horrek adierazi duenez, suizidioa bigarren heriotza-kausa da 15 eta 19 urte bitartekoen artean, eta alkoholaren eta drogen abusua ere  arazo larria da, jokabide arriskutsuak eragin baititzake. Arazo horiei elikadurarekin loturiko nahasmenduak ere gehitu behar zaizkie.

Horregatik, helduek, gurasoek edo hezitzaile diren pertsonek, berebiziko garrantzia dute nerabeen eta gazteen osasun mentaleko arazoak identifikatzerakoan. Garrantzitsua da pertsona horiekin komunikatzen eta lehen sintomak identifikatzen ikastea, lagundu ahal izateko.

Zalantzarik gabe, haiei entzuten eta ulertzen jakitea ezinbestekoa da; haiekin komunikazioa indartzea eta beldurrik gabe hitz egin ahal izateko konfiantza helaraztea oso lagungarria izango da osasun mentaleko arazoak prebenitzeko edota bideratzeko.

Kartelak

Zein faktorek eragiten dute gazteen buru osasun arazoetan?

Normalean, buru osasun arazoak barneko zein kanpoko faktoreen konbinazio baten ondorioz sortzen dira. Adibidez:

  • Harreman sentimental baten haustura
  • Ikasketetako presioa
  • Toxikoen kontsumoa
  • Bullying-a
  • Gertaera traumatikoak

Pertsona aldi zaila igarotzen ari den arren, ez du esan nahi buru osasun arazo bat garatuko duenik. Etxean nahiz gizarte- eta eskola-giroan laguntzen dion ingurunea oso lagungarria da emozio-gatazkak kudeatzeko.

Alarma-sintomak

Batzuetan, kosta egin dakiguke jokabide normalak eta buru osasun arazo bat adieraz dezaketenak bereiztea. Suminkortasuna eta umore txarra, tristura, tentsioa edo antsietatea adin horietan ohikoak izan daitezke, betiere denboran gehiegi luzatzen ez badira.

Garrantzitsua da honako jokabide hauei arreta jartzea:

• Normalean gozatzen dituen jardueretan gutxiago parte hartzea.
• Gosearen aldaketak
• Aldaketak loaren errutinan
• Suminkortasuna edo haserrea areagotzea

• Ikasketetan errendimendua okertzea
• Kontzentraziorako zailtasunak
• Motibazio falta
• Estres- edo kezka-sintomak areagotzea
• Tristura luzea
• Negatibotasun handiagoa
• Drogen edo alkoholaren kontsumoa

Nerabeen eta gazteen buru osasuna hobetzeko gakoak:

  • Familiarekiko harremana. Garrantzitsua da tarte bat uztea arakatu eta bere kabuz aurki dezan, baina jarrera zaintzaileari eutsiz zerbait ondo ez doala ohartarazten digun jokabide-aldaketa oro detektatzeko. Garrantzitsua da familian jarduerak egitea eta komunikazioa ez galtzea, senideak arazoren bat edo kezkaren bat duenerako laguntzeko prest daudela jakin dezan.
  • Mugak. Nerabeek beren kabuz ezagutu behar dute mundua, helduaren nortasuna osatzen ari dira eta, horretarako, askotan autoritate-figuren aurka egiten dute (gurasoak, irakasleak), eta, aldi berean, figura horiek noraino irits daitezkeen ikasten lagunduko dieten mugak ezartzea bilatzen dute. Miaketarako tartea uztearen eta gainditu behar ez diren mugak ondo markatzearen arteko oreka aurkitu behar da.
  • Errespetua. Nerabeei eta gazteei beren burua, besteak eta ingurumena errespetatzen irakastea funtsezkoa da jokabide arriskutsuak saihesteko.
  • Ordutegiak eta errutinak: Nerabezaroan ere funtsezko garrantzia du haurtzaroan bezalako errutinak eta ordutegiak mantentzeak, egituratzen, antolatzen eta mugatzen laguntzen dielako. Otorduetarako, higiene pertsonalerako, ikasketarako, etxeko laguntzarako, aisialdirako ordutegiak eta errutinak markatzea.
  • Dieta orekatua: aldaketa biologikoak eta hormonalak hain garrantzitsuak diren bizitzako aldi honetan, elikadura orekatua funtsezkoa da. Elikadura osasuntsuak etorkizunean osasun-arazo jakin batzuk prebenitzen eta helduak direnean bizimodu osasungarria izaten laguntzen du.
  • Loa: nerabeek izugarrizko higadura fisiko eta psikologikoa dute, eta egunean 9 eta 10 ordu bitartean lo egin behar dute, eskola-errendimendua gutxitzea eta suminkortasuna eragitea eragiten dien nekea saihesteko.
  • Jarduera fisikoa: komeni da jarduera fisikoren bat maiz egitea eta kanpoan jarduerak egitea. Onura asko ekartzen ditu: Osasun fisikoa, mentala eta soziala hobetzen ditu (gehiegizko pisua saihesten du, jarrera ona bultzatzen du, autoestimua hobetzen du eta antsietatearen eta depresioaren sintomak murrizten ditu, sozializazioa errazten du, kontzentrazioa hobetzen du).
  • Gizarte-loturak: nerabeek denbora gehiago pasa nahi dute lagunekin familiarekin baino. Alde horretatik, garrantzitsua da lagunak ezagutzeko interesa erakustea, segurtasuna ematen die, eta konpainia txarrak saihesteko modu bakarra da, substantzien abusu-arazoetan, sexu-harreman arriskutsuetan eta abarretan erortzeko arriskuak ebaluatzeko. Gizarte-ohitura positiboak sustatzen saiatu behar dugu, hala nola errespetua, zintzotasuna eta adiskidetasuna.
  • Internet/sare sozialak: Gaur egungo nerabeak aro digitalekoak direnez, munduarekin harremanetan jartzeko modua Internetetik eta sare sozialetatik pasatzen da. Askotan, horrek talka egiten du helduen mundu analogikoarekin. Talka horrek bi kontrako erreakzio eragiten dizkie helduei, edo interesik eza, erabateko axolagabekeria eta gailu horien erabilera gaiztoa, seme-alaben zaintza eta heziketa entretenitzen dituzten aparatuen esku utzita, eragozpenik sor ez dezaten, edo, bestela, gailu horiek erabiltzeari uko egitea eta debekatzea.

Premiazkoa da bi mutur horien arteko oreka aurkitzea; ulertu behar da, alde batetik, munduarekin duten harreman-moduaren parte dela, baina, bestetik, irakatsi behar zaie bitarteko digitalak tresnak direla eta ez direla berez helburu.

Saihestu egin behar da aurrez aurreko harreman pertsonalak partzialak eta, beraz, ez oso errealak diren harreman birtualekin ordezkatzea.

Nola hurbildu gaitezke gazteengana eta adin txikikoengan bere arazoak parteka ditzaten?

  • Laguntzeko prest agertu zaitez, baina ez intrusibo. 
  • Saiatu denbora pixka bat pasatzen berarekin, astero. Elkarrekin jardueraren bat egiteak komunikaziorako aukerak ematen ditu.
  • Bere bizitzan interesa erakutsi, baina zuk arazotzat jotzen dituzun gaietan zentratu gabe.
  • Hartu serio bere emozioak: enpatia erakutsi, arretaz entzun eta ez epaitu.
  • Batzuetan hobe da entzutea eta isilik egotea irtenbide bat bilatzea baino.
  • Ohitura osasungarriak sustatu: ariketa fisikoa, janari osasuntsua eta atseden erregularra.
  • Gehien gozatzen dituen jarduerak egiteko denbora librea izatea erraztu.
  • Lagundu eskaini adiskidetasun-harreman osasungarriak izan ditzan.
  • Maite duzula ezaiozu. Onartu nahi ez badu ere, baliteke hori oso garrantzitsua izatea harentzat.
  • Bilatu leku eta une egokiak, bera erosoago senti dadin, gai sentikorrei buruz hitz egiteko.
  • Kudeatu zure emozioak. Bera haserre, antsietate edo tristeziaz erreakzionatuko ote duzun beldur bada, ez da bere sentimenduak partekatzera ausartuko. Hala ere, askoz ere seguruago sentituko da lasaitasunez eta bere kezkak entzunez har ditzakezula sentitzen badu.

Nola jokatu ez badakizu eta gaindituta sentitzen bazara, bilatu laguntza profesionala zuretzat, zure emozioak ordenatu eta laguntzeko gaitasuna garatzeko.

Nola hasi dezakegu buru osasunari buruzko elkarrizketa bat?

Ez dago formula itxirik, baina batzuetan galdera orokorrekin has daiteke:

  • Zer moduz zabiltza eskolan?
  • Zer moduz lagunekin?
  • Nola daramazkizu ikasketak?

Edo galdera zehatzagoak egitea:

  • Estututa edo kezkatuta ikusten zaitut azkenaldian… Hitz egin nahi duzu?
  • Azkenaldian triste samar ikusten zaitut, urduri… Zerbaitetan lagun zaitzaket?
  • Zurekin hitz egitera ausartzen ez dela ikusten baduzu, konfiantzazko beste pertsona heldu batengan edo profesionalen batengan laguntza bilatzera bideratu dezakezu.
  • Hitz egiteko modua adinaren araberakoa izango da. Garrantzitsua da hizkuntza eta elkarrizketa naturala izatea, eta erakustea pozten zarela zugan konfiantza izateaz eta behar duen edozertarako prest zaudela.

Nola lagundu diezaiekegu?

  • Gogorarazi beren arazoei buruz hitz egitea oso lagungarria dela
  • Argi eta zintzo hitz egin
  • Onartu ezazu ulertzen duzula norberaren sentimenduez hitz egitea batzuetan zaila izan daitekeela
  • Gogorarazi behar duenerako laguntzeko prest zaudela
  • Garrantzitsua da iraunkorra izatea, baina ez intrusiboa. Gazteari denbora batez kosta dakioke konfiantza izatea ireki ahal izateko; beraz, pazientzia izan behar da eta gure babesa erakutsi behar zaio beti.

Bere buruaz beste egin dezakeela uste baduzu, egin galdera zuzenak:

  • Heriotzean inoiz pentsatu al duzu?
  • Inoiz pentsatu duzu bizitza kentzea?

Elkarrizketa hau kudeatzeko gai ez bazara, eskatu laguntza profesionala.

Iruzkinak itxita daude.

FEDEAFESen eginkizuna

“FEDEAFESek buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal entitateak biltzen ditu, eta honako helburuak ditu: ikerketa, harremana, ikaskuntza eta berrikuntza sortzea buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea xede duten ekimenetan; bizi-kalitatearen ereduaren politikak eta esperientziak bultzatzea eta hedatzea; nahaste psikikoa duten pertsonen eta senideen duintasuna eta eskubideak babestea eta aldarrikatzea; gizartea sentsibilizatzea, foro eta sareetan parte hartzea, eta gaixotasuna daukaten pertsonen eta senideen mesederako politika publikoak aldarrikatzea”

Elkarteak

Laguntzaileak

Kontaktua

Tres Cruces, 14 behea-eskubi. Arza industrialdea. 01400 Laudio - LLodio Araba Tel.: 94 4069430 e-mail: info@fedeafes.org